Elorrioko Emakumeen Binakako Sega Sail Txapelketak hainbat mugarri apurtuko du

Joseba Derteano 2022ko eka. 25a, 11:00
Luixa Uzkudun, Elorrion arituko den segalarietariko bat, sega saio batean. Ataria.eus

Elorrioko Gazeta auzoan, Emakumeen Binakako Sega Sail Lehiaketa egingo dute domekan, 12:00etan.

Txapelketa berezia izango da, hainbat mugarri gaindituko duelako. Eraitsiko den muga bat lurraldetasunari dagokio. Sega txapelketarik gehienak Gipuzkoan eta Nafarroan egiten dira eta oraingoa Bizkaira ekarri dute. “Lurraldetasunaren ikuspegiari eusten ahalegintzen gara eta betiko eremuetatik zabaldu gura genuen. Gainera, sega kirol minorizatua da eta ahalik eta jenderik gehienarengana hurreratu gura dugu”, adierazi du Almitza elkarteko Haizea Arrutik. Txapelketa Almitza elkartearen eta Gazetako Lagunarte Kofradiaren artean antolatu dute.

Horrez gainera, emakumeak protagonista bakarrak izango dituen lehenengo txapelketa izango da Elorriokoa. "Elkartean inoiz baino emakume gehiago dago, kopurua ia gizonenaren parekoa da eta ikusgarritasuna eman gura diogu horri. Aitortza moduko bat da", dio Arrutik. Hirugarren nobedade bat da txapelketa binakakoa izango dela. Kasu honetan, modalitate berrietara "zabaltzeko" saiakera bat da.

Guztira, hamabi segalari arituko dira, sei bikotetan banatuta. Honako hauek dira bikoteak: Irati Astondoa-Jugatx Agirre, Izadi Arrospide-Luixa Uzkudun, Susana Lopez-Malou Henriksen, Alaitz Imaz-Graxi Elosegi, Maide Garmendia-Uxue Iruretagoiena eta Angels Bretó-Ainara Otamendi. 

Txapelketa nazioarteko erara lehiatuko dute. Sega Europa erdialdeko hainbat herrialdetan (Alemania, Austria…) egiten den kirola da. Euskal Herrian eta lurralde haietan egiten diren txapelketak desberdinak dira. Hemen, belarrik gehien mozten duenak irabazten du. Nazioarteko probak laburragoak eta esplosiboagoak dira, eta, ebakitako kantitatea barik, beste alderdi batzuk kontuan hartzen dira: belarra ebakitzeko txukuntasuna eta zehaztasuna, besteak beste.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!