"Txapelketa antolatzea bera garaipen bat da denontzat"

Joseba Derteano 2022ko eka. 25a, 11:00

Aspaldian gehiago dabil aizkoran eta askok handik ezagutuko dute Irati Astondoa (Zeanuri, 1991), txapelketa garrantzitsuak irabazi dituelako. 2020an eta 2022an Banakako Urrezko Aizkolarien txapela lortu zuen. Baina domekan segan arituko da, etxean umetatik ezagutu eta 15 urte zituenetik jarduten duen kirolean. Bera izango da Bizkaiko ordezkari bakarra Gazetan jokatuko den sega txapelketan. Ahalik eta lanik onena egiten ahaleginduko dela dio, baina, batez ere, txapelketa antolatzea bera nabarmendu du.

Segarako afizioa aitagandik datorkizu?
Bai. Segan 15 urtegaz hasi nintzen, Almitza elkartean, baina betidanik ikusi dut etxean: aita, lehengusuak eta inguruko jende asko segan aritu dira.

Zerk erakarri zintuen segatik?
Sega jaialdi batean Miguel Mari Jauregi 'Altzo'-k gonbidatuta parte hartu nuen, lehenengoz. Aita ezagutzen zuen eta horregaitik gonbidatu ninduen. Han batu zen jendea, sortu zen giroa… asko gustatu zitzaizkidan eta orduan zaletu nintzen.

Zeu zara txapelketako bizkaitar bakarra. Hemen ez dago afizio handirik?
Bizkaian ez dago afizio handirik, ez. Hasi nintzenetik hona ez dut emakumezko beste segalari bategaz kointziditu. Seguru ere ezin dut esan, eta baliteke besteren bat egotea, baina erakustaldietan eta txapelketetan neu naiz bakarra, bai.

Elorrioko txapelketa nazioarteko estiloa izango da. Zure dohainetara ondo egokitzen den modalitatea da?
Modalitate biak asko gustatzen zaizkit eta txapelketa bietan parte hartu dut. Nazioarteko estiloko saioetan gehiagotan aritu naiz, baina esango nuke kilotakoa hobeto datorkidala. Hobea naiz lan luzeetarako laburretarako baino. Esprint hori falta zait. Iraupen luzeagoko lanetan erosoago sentitzen naiz.

Jugatx Agirre izango duzu bikotekide txapelketan. 
Bai, txanda librean arituko gara. Segalari bakoitzak 300 metro karratu izango ditugu ebakitzeko. Bakoitzak ehun metroko sailak ebakitzean, besteak hartuko du txanda. 

Zer helburu dituzue?
Bakoitzak bere helburuak izango ditu, baina niretzat, emaitza baino gehiago, txapelketa antolatzea bera da inportanteagoa. Lehenengoz antolatu da tankera honetako emakumeen binakako txapelketa. Orain arte, emakume gutxi egon izan gara prest iraupen luzeko txapelketak jokatzeko. Ehun metro karratutik gorako txapelketetara ez da emakume asko apuntatu izan. Sega herri kirol modalitate minoritarioa denez, zailtasun gehiago egon da beti. Baina oraingoan denok batu gara eta berezia izango da. Buruz burukoa barik binakakoa izateak segalari gehiago parte hartzera animatu ditu beharbada. Lehenengoz egingo da hainbeste emakume batzen duen jaialdia. Txapelketa antolatzea bera garaipen bat da denontzat. 

Aizkoran ere aritzen zara eta lorpen garrantzitsuak dituzu: Banakako Urrezko Aizkolarien txapela lortu zenuen 2020an eta 2022an. Aizkoragaz ala segagaz, zegaz aritzen zara gusturago?
Segalaria nintzelako egiten dut aizkoran. Batak eraman ninduen bestera. Zein dudan gustukoen? Biak gustatzen zaizkit. Gaur egun gehiago dedikatzen naiz aizkorara, ez delako herri kirol minoritario bat. Gaur egun irteera eta txapelketa gehiago dago aizkoran, gehiago mugitzen gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!