Zumelegi zentroko egoiliarren obrak ikustera hurbildu da Elorriora Gizarte Ekintza diputatua

Anboto 2022ko api. 12a, 18:30

Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak Zumelegiko egoiliarrek egindako lanekin osatutako erakusketa bisitatu du gaur Iturri kultur etxean. Elorrioko Udalaren eta Zumelegiren arteko lankidetzari esker antolatutako erakusketak ia 40 lan batzen ditu, eta margolanen egileekin batera ikusi ditu.

Elorrioko Zumelegi zentroan aniztasun funtzionala duten 35 lagun bizi dira. Zentroan hainbat jarduera egiten dituzte, baita terapiarako eta aisialdirako ere, tartean pintura. Maiatzera arte zabalik egongo den erakusketak zentroko 10 bat egoiliarren artean, elkarlanean, landutako bederatzi margolan batzen ditut, batetik. Bestetik, Ana Maria Marañon Cuevas artista egoiliarraren 30 bat lan jarri dituzte ikusgai. Murillok azaldu duenez, "erakusketa honek balio du are eta zentzu gehiago emateko egiten dituzten jarduera guzti horiei". 

Erakusketari "ikusgarritasuna" emateko balio gura duen ekitaldian, Murillok nabarmendu du Bizkaiko Foru Aldundiaren ardura dela aniztasun funtzionala duten pertsonek "euren biografiagaz, euren bizitzagaz aurrera egin dezaten"  lan egitea. "Ezgaitasun bat izatea ez dadila izan oztopo bizitza proiektu bat aurrera eramateko", gaineratu du. Gizarte Ekintzako diputatuak gogoratu du pintura sozializatzeko jarduera dela, eta, besteak beste, psikomotrizitate fina lantzen edota arreta mantentzen laguntzen duen zeregin moduan erabiltzen dela zentroetan.

Bilbokoa da Ana Maria Marañonek eta 57 urte ditu. Elorrioko Zumelegi zentroan bizi da 2016tik, zaintzailea izan zuen bere ama hil zenetik. Berak azaldu duenez, egunero margotzen du, asko gustatzen zaio margotzea, eta lasaitu egiten du. "Txikitatik margotzen dut, eta arreta deitzen didan guztia margotzen dut", dio Marañonek. Erakusketan jarritako margoak Elorrio dute lotura. Herriko paisiak eta mendiak margotu ditu. Erakusketa jarri duen lehen aldia da eta "oso pozik" dagoela azaldu die bertaratutako hedabideei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!