Elorrio Rugby Taldea, herrian izaera eta presentzia irabazi dituen ahalegin kolektiboaren emaitza

Joseba Derteano 2022ko ots. 6a, 10:30

Urterik urtera, geroago eta gehiago dira Elorrion errugbia probatzera animatzen diren ume eta gazteak. Toki askotan gutxiengoa den edo batere presentziarik ez duen kirolak indarra hartu du Elorrion. Zelaitik haratago herri osora zabaldu den fenomenoa da.

Elorrio Rugby Kluba 1981eko otsailaren 23an sortu zuten. Beraz, ez da atzo goizean sorturikoa: hil honetan, 41 urte beteko ditu. Hasierako haien eta euren ondorengoen lana ez zen nolanahikoa izan: arrotza zen kirol bati herrian tokia egitea eta denboran bizirik irautea. “Lan itzela egin zuten. Eurengaitik gaude bizirik eta eurengaitik du klubak gaur egun duen indarra”, goraipatu du Bingen Azkarragaurizar zuzendaritzako kide eta jokalariak. Etapa hark bere loraldiak izan zituen bai gizonen eta bai emakumeen taldeetan. Baina oraindino azken aupada bat falta zen herrian erreferente izatera heltzeko, eta bide horri ekin zioten orain hamarkada bat inguru. “Klubeko egiturak sendotu, berritu eta funtzioak gehiago zehaztu ziren”, dio Azkarragaurizarrek. Koherentzia gaurkotu hori izan zen gerora etorriko zenaren hazia. Horregaz batera, gaur egungo egoerara heltzeko, beharrezkoa izan da ekarpen komunitarioa. “Hau guzti hau ez litzateke posible izango kluba osatzen duten denen inplikaziorik barik. Bakoitzak bere alea ipintzen du eta familia bat gara”, dio Azkarragaurizarrek.

75 ume errugbi eskolan
Gaur egun, Elorrio Rugby Taldeak kategoria guztietan ditu taldeak. Azpimarratzekoak dira errugbi eskolako datuak. Eskola kirol adineko 75 ume dabiltza Elorrion errugbian, inoiz baino gehiago. “Eskolaz kanpoko ekintzetan lan handia egiten dugu umeei errugbia ezagutarazten eta berau praktikan jartzen. Elorrioko eta inguruko ikastetxeekin ere hainbat proiektu ditugu eskuartean. Gainera, umeekin lan egiten duten entrenatzaile guztiak formatuta daude”, gaineratu du Azkarragaurizarrek.

16 eta 18 urtez azpiko taldeetan 18 eta 20 bat jokalari dabiltza, hurrenez hurren. Oraindino ez da kopuru nahikoa talde propio lez aritzeko, baina horretarako dago elkarlana. Gernikako errugbi klubak arazo berdina du eta eurekin batera ateratzen dituzte taldeak. 

Seniorretan, ostera, 32 jokalari dituzte gizonetan, eta 24 emakumeetan. Talde guztiak kontuan hartuta, 170 bat jokalarik janzten dute kamiseta hori-beltza astero.

Emakumeen taldea
20 bat urteko parentesiaren ondoren, emakumeen taldea berreskuratu izana da klubaren beste lorpen bat. 2020an neska talde bat batzen hasi zen Elorrion, bertan errugbian aritzeko gogoz, eta zuzendaritza taldetik bultzakada bat eman zioten horri. Aurten Euskal Ligan lehiatzen hasi dira eta maila onean dabiltza, gainera. Jokalari batzuek lehendik ere badute esperientzia errugbian, baina orain euren herriko kamiseta defendatuz jokatu dezakete.

Gizonetan, oso talde gaztea dute; 23 urte dituzte, batez beste. Horiei harrobitik datozenak gehituta, “urte askoan gerra emateko” moduan daudela uste du Azkarragaurizarrek: “Txiki-txikitatik Elorrion eta klubean hezi diren jokalariak dira”. 

Denda arrakastatsua
Herrira begirako lanketa da errugbi taldearen beste lan ildo bat: presentzia areagotzea eta klubagazko atxikimendua estutzea. Bide horretan, mugarri bat izan da Elorrio Rugby Taldearen denda ofiziala zabaltzea. “Egunero kalean gaude, denek ikusten gaituzte. Material asko dugu bertan eta, egia esanda,  plazer handia da jendea kalean klubeko arropekin jantzita ikustea”, azpimarratu du Azkarragaurizarrek. Herrian ikusgaitasuna irabazi izanak babesle berriak lortzen ere laguntzen du. “Hainbat babeslegaz elkarlanean gabiltza eta inoiz baino hobeto gaude alde horretatik. Handi zein txiki, esker oneko gaude gure babesle guztiei”, nabarmendu du.

Azpiegiturak, txiki
Azpiegiturak ez dira klubari paraleloan hazi, eta kostatu egiten zaie errugbi zelaian denei tokia egitea. Ondoko eskolako berrikuntzen barruan, aldagelak bitik bostera gehitu dituzte, baina, hala ere, ez da nahikoa. “Instalakuntzak txiki geratu zaizkigu. Daukagun bolumenerako ez dira nahikoa”, dio Azkarragaurizarrek. Hauek dira arazoetako batzuk: zelaiak belar naturala duenez, hondatu egiten da eta “mantenu eskasa” dauka; argiztapena “eskasa” da eta gautzen hasi aurretik jokatzen dituzte partiduak; ez dute ez harmailarik ez eta aterperik ere eta “zaleek ezin dute beste espazio batzuetan lez kirol honegaz gozatu”.  Beste era batera esanda, “kanpotik begiratuta ikusten da herriko kirol taldeen artean desberdintasunak” daudela. Ba ei dago errugbi zelaira begirako proiektu bat udalean, baina “oraingoz ez da euren lehentasunen artean sartzen, eta egoera egunero sufritzen dugunok betikoak izaten jarraitzen dugu”.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!