40 bat jokalarigaz emakumeen errugbia berpiztu da Elorrion

Joseba Derteano 2020ko ots. 16a, 10:00

Udatik hona, Elorrion jauzi handia egin dute emakumeen errugbi taldea berreskuratzeko. Herri ekimenetik sortutako txinpartari hauspoa ematen asmatu du Elorrio Rugby Taldeak eta, gaur egun, 40 bat emakume astean birritan batzen dira entrenatzera. Ondo bidean, taldea ofizialki sortu eta Euskadiko Ligan parte hartuko dute hurrengo denboraldian.

Iratxe Juez klubeko zuzendaritza batzordeko kideak esplikatu du sorrera zelan izan zen: "Udan, neska batzuk errugbia ezagutu gura zutela eta entrenatzea gustatuko litzaiekeela esatera etorri zitzaizkigun. Lau-bost ziren hasieran. Gero, hogei, eta denbora batera berrogei. Bat-batean etorri zitzaigun proposamena, eta horri bidea ematea izan da gure lana". Asko kuadrilla berekoak dira, 17tik 23 urtera artekoak, eta gehienek ez dute esperientziarik errugbian. Jokalaririk gehienak elorriarrak dira. Durangoko lau-bost, Atxondoko bi eta Elgetako bat ere taldera batu dira.

Emakume hauek tradizio bat sortzen dabiltzala esatea ez litzateke zuzena; tradizioa berreskuratzen dabiltza. Izan ere, Elorriok izan zuen emakumeen taldea orain hamarkada bi baino gehiago. Goi mailako jokalariak eman zituen, eta selekzioagaz nazioarteko partiduak ere jokatu zituzten: Joana eta Eider Barrena ahizpek eta Olatz Fernandez de Arroiabek, besteak beste. Urteen poderioz, belaunaldi berriek ez zuten erreleborik hartu eta taldea desagertu egin zen. Harrezkero, Elorrion izan dira emakumezko jokalariak beheko mailetan, baina sekula ere ez talde bat sortzeko adina, eta, nagusitan, kanpora joan behar izan dute.

"Ilusioa" gidari
Klubeko hiru lagunek hartu dute jokalariak entrenatzeko ardura:  Felix Miguel eta David Palacios dira lehenengo entrenatzaileak, Ekain Cengotitabengoaren laguntzagaz. Miguelek jokalarien "ilusioa" azpimarratu du: "Hasieran, astean behin batzen ginen entrenatzeko, eta jokalariek eurek bigarren egun bat eskatu zuten".

Hileetako lana bere fruituak ematen dabil. Orain asteburu bi, lagun arteko partidu bat jokatu zuten La Unica taldearen aurka, eta oso sentsazio onak utzi zizkien. Esperientzia handiko talde baten kontra 27-5 baino ez zuten galdu estreinako neurketa, eta horrek erakusten du asko ikasi dutela denbora gutxian. "Ez nuen uste hainbeste aurreratuko zutenik. Pentsatzen nuen baino hobeto defendatu zuten", gogoratu du Miguelek. Martxoan, beste lagun arteko partidu bat jokatzea aurreikusten dute, eta, beharbada, ez da azkena izango. "Eskatu egiten digute eta!", gaineratu du Miguelek.

Osagai hauekin, nahitaezko galdera bat egin beharra dago: taldea ofizialki sortzea eta liga batean parte hartzea da hurrengo urratsa? "Jokalariek erabaki behar dute", dio Miguelek, zuhurtziaz, baina, ikusitakoak ikusita, itxaropentsu dagoela onartu du. Miren Zorrakin jokalaria seguruago mintzatu da: "Hurrengo urtean taldea sortu eta ligan parte hartuko dugula esango nuke".

Egitasmoa guztiz gorpuzten bada, Euskadiko Lehenengo Mailan hasiko dute euren ibilbidea. Hain zuzen ere, maila horretan dabil Durango Nissan Gaursa. Beraz, emakumeetan Durangaldeko derbien atarian egon gaitezke, aurten gizonen taldeekin gertatu den moduan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!