Elorrioko ezker abertzalea: "Estrategia politiko baten baitan, gazteak eta Elorrioko udala fokoan jartzea da batzuek bilatzen dutena"

Joseba Derteano 2021ko ira. 10a, 21:00

Gaur Elorrion egindako agerraldiko irudia.

Elorrioko ezker abertzaleak agerraldia egin du joan zen asteburuan Elorrion gertatutako liskarren balorazioa egiteko. 

Joan zen asteko bariku gauean Ertzaintzak sei lagun atxilotu zituen Elorrion  "desordena publikoa" eragitea egotzita. Epaiketaren zain daude orain. Elorrioko ezker abertzalearen ustez San Joseko eremuan hasi eta herri osora zabaldutako liskarrak "osasun egoera zaintzeko aitzakiapean Ertzaintzak aurrez prestatutako interbentzioen ondorioa dira, eta ez da kasualitatea Elorrion bereziki oldartzea". Ildo horretatik, "estrategia politiko baten
baitan, gazteak eta Elorrioko udala fokoan jartzea da batzuek bilatzen dutena", gaurko agerraldian salatu dutenez. Komunikabideen lana ere kritikatu dute "kopuruak desitxuratu eta eta gazteei orokorrean beraiena ez den erantzukizuna leporatu" dietela esanez.

Gazteek "arduraz jokatzen badakitela" esan dute, beren aisialdia "zentzuz" eta "errespetuz" antolatuz. "Erantzukizun osoa gazteengan jartzea ez da justua".

Azkenik honako mezu utzi dute aurrera begirako. "Ertzaintza berriro oldartzen bazaigu, lehenetsi dezagun herritarron arteko elkartasuna, babes dezagun elkar eta babes dezagun gure herria, paira ditzakegun ondorioak ahalik eta txikienak izan daitezen".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!