Herritar talde batek lan istripuak eta prekarietate egoera salatzeko kontzentrazioa deitu du Elorrion

Anboto 2021ko uzt. 23a, 21:29

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) eraikuntza lanetan 52 urteko langile bat hil da Elorrion. Kontzentrazioa deitu duen herritar taldeak gogoratu duenez, "aurten, 34 langile hil dira lan istripuan. Eta, dagoeneko zortzi langile hil dira istripu ez traumatikoen eraginez". Elorrioko herriko plazan izango da kontzentrazioa, bihar, zapatuan, 12:30ean.

LAB sindikatuak jakinarazi duenez langilea bihotzekoak jota hil zen atzo, Elorrioko Iguria auzoko AHTren obretan. Sindikatuak nabarmendu duenez, "dagoeneko istripu ez traumatikoak, bihotzekoak eta iktusak, besteak beste, bilakatu dira lan heriotzen lehen gauzatzaileak. 2020ean, heriotza guztien %25koak izan dira. Deitutako mobilizazioekin bat egin du LAB sindikatuak.

Elorrioko Udalak ere bat egin du mobilizazioekin eta herritarrak parte hartzera deitu ditu. "Lan istripua izan da, ez traumatikoa izan arren, eta gure herrian gertatu da. Horrelako istripuen atzean lan baldintza txarrak daude, hala nola, lan erritmo altuak eta estresa", nabarmendu du Idoia Buruaga alkateak. Gaineratu duenez, "jakin dugunez, ez da Elorrioko AHTko lanetan gertatzen den lehen lan istripua. Horregatik, Osalani eskatzen diogu atzo gertatutakoa ez ezik aurreko lan-istripuak ere argitzeko eta obraren jarraipen zorrotza egin dezan, beste ezbeharrik gerta ez dadin",

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!