#0km

“Proiektu txikia sortu gura izan dugu, gure filosofiagaz bat datorrena"

Aitziber Basauri 2021ko eka. 20a, 12:00

Sasoiko ortuari ekologikoak, landako oiloen transgenikorik bako arrautzak, fruta eta irasagarra saltzen dute baserrian bertan. Horrez gainera, jogurt eta gazta fresko ekologikoa saltzen dute Durangaldeko hainbat saltokitan. Berenice Lopezek (Mexiko, 1989) eta Markel Garaizabalek (Elorrio, 1988) euren bezeroeri produktu eskaintza anitza ematea dute helburu (@belazezaporeak).

Baserritik bizi gura duen bikotea zarete. Posible da baserritik bizimodua ateratzea? Apustu handia izan da?
Markel Garaizabal:
Posible da, bai, beti ere lurrak edo baserria badituzu. Horrela ere gatx da, baina, bestela, ia ezinezkoa da inbertsioari aurre egitea. Apustu handia izan da, bai.

Zerk eroan zaituzte Belaze zaporeak proiektua martxan ipintzera?
Markel: Baserrian hazi eta bizi izan naizen arren, inoiz ere ez dut irtenbide profesional lez ikusi. Berenice etorri zenean, eta Jarduera Fisiko eta Kirol Zientzietako ikasketak amaituta, aukera planteatu genuen. Apurka hasi ginen, pausoz pauso, eta gustura sentitu gara: ortuari otzarekin hasi ginen. Behiak ipini genituen, eta okela saltzen hasi ginen. Orain zortzi hilabete esnekiekin hasi gara.
Berenice Lopez: Ortuariekin hasi eta gutxira, Mexikora joan ginen. Han egoniko urte bietan hainbat proiektu ikusi genuen. Bueltan gure aukerak aztertu genituen, eta Euskal Herriko ekoizle piloa ezagutu genuen.

Oso lotua da baserria?
Markel: Egun osoko lana da, bai.Baina, aurrera begira, gure espazioa izatea da ideia. Produktuaren eraldaketa osoa gure esku izateko proiektu txikia sortu gura izan dugu, gure filosofiagaz bat datorrena.
Berenice: Ez dut ordutegirik, baina bai nire momentuak. Diru apur bat atera eta norbere burua hornitzeko aukera izatea ekarpen handia da.

Aldatu egin dira kontsumo ohiturak?
Markel:
Bai. Harrituta gaude zenbat jende datorren baserrira. Denda ipini genuen, ordutegi bategaz, eta asko errespetatzen dute. Bestalde, jogurta beirazko botiletan saltzen dugu, bueltan jaso eta berrerabiltzeko. Bezeroek asko eskertu dute.
Berenice: Oso pozik gaude dugun harreragaz, oso eskertuta ere bai.

0Km kontzeptuaren alde egin duzue.
Markel:
Bai. Lurragaz loturiko abeltzaintza egin gura dugu, gure lurrak emandako mailan. Behiei pentsu ekologikoa ematen diegu, baina bedarra jaten dute gehien. Pauso garrantzitsua da baserrien bideragarritasuna bideratzeko. Geroago eta gehiagok eman dute pausoa. Ekoizleek prezio duin batean saltzeko indarra ematen du salmenta zuzenak.

Zein da Belaze zaporeak proiektuaren helburua? Noraino heldu gura duzue?
Berenice:
Nor naizen ez ahazteko era bat da. Ez dakit nora helduko garen. Eskolekin eta familiekin bisitak egiteko aukera lantzen gabiltza orain.
Markel: Asko dira helburuak. Bizimodua ateratzea, baserriko lurrak ahalik eta ondoen zaindu eta mantentzea, kalitatezko produktua eskaintzea, animalia-ongizatea, baserriari buruzko beste ikuspuntu bat ematea, apur bat modernizatzea. Bidea egiten gabiltza. Jorratzeko bide berriak daudela uste dugu.

Berenice, maitasunak ekarri zintuen Elorriora...
Bai (barrez). Eta lurragaz sorturiko hartu-eman ahaltsu honek ere bai. Hasieran, unibertsitatean lez sentitu nintzen, egunero zerbait ikasten nuen: marmelada egiten, baba ereiten, Nafarroara joan ginen txerria hiltzen... Eta ikasten  jarraitzen dut. Paisaia, eguzkia, mendia... dena iruditu zitzaidan interesgarria, harrigarria. Hemen geratzea erabaki nuenean euskara ikasi nuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!