ESKALADA

[BIDEOA]: “Atzekokoba ez da eskalatu dudan biderik gatxena, baina bai gehien kostatu zaidana"

Joseba Derteano 2021ko api. 18a, 10:30

Martin Urrutiak (Elorrio, 1999) Atxarten dagoen Atzekokoba bidea eskalatu du. 8c+/9a zailtasuna duen bidea lorpen handia da eskalatzaile elorriarrarentzat. Horrez gainera, Mugarran dagoen 'Todos a la cárcel' bidea (8C+) igotzen duen bigarren eskalatzailea izan da. Txapelketak bertan behera gertu diren sasoi honetan, harrian eskalatzen gozatzen dabil.

Non dago Atzekokoba? Noiztik zabiltza hura igotzeko ahalegina egiten?
Sagasta inguruan dagoen koba txiki batean dago, Atzekokoba. 2015ean igo zuten lehenengoz, eta handik aurrera zazpigarren edo zortzigarrena izan naiz igotzen. 

Zein zailtasun dauka?
Psikoterapiagaz batera, igo dudan biderik gatxena da. Beharbada ez da izango igo dudan gatxena, baina gehien kostatu zaidana izan da. Bide osoak 17 metro inguruko altuera du. Koba hori udan eskalatzen da, iparraldera ematen duenez, gerizpea izaten duelako. Azaro hasieran hasi ginen probatzen, nahiko eguraldi onagaz. Baina azaro amaieran hotza egiten hasi zen. Egun askotan joaten ginen, baina hotz handiagaz. Prozesu hori guztia oso luzea egin zait. Gainera, badu oso mugimendu gatx bat, eta beti jausten nintzen hor. Psikologikoki kosta egiten zitzaidan beti leku berean jaustea.

Puntu hori da zailtasunik handiena duena?
Mugimendu bi dira gatxenak, alde handiagaz. Lehenengoa ondo, baina bigarrena trabatu egin zitzaidan. Lehenengoan oso helduleku txikia du. Bigarrenean erortze handia du eta luzea da. Txikia izanda, kosta egin zait.

Baduzu horrelako beste erronkarik buruan?
Mugarran beste bide bat probatzen hasi nintzen eta joan zen barikuan egin nuen. Todos a la cárcel izena du eta 8c+ zailtasuna du. Oso paso gogorra du eta orain arte pertsona bakarrak eginda zeukan. Errepikatzen duen lehenengoa izan naiz eta horrek ilusio handia egin dit. Hori eginda, momentu honetan ez dut beste helbururik.

Sasoi onean zaude.
Bai, baina, horrez gainera, eguraldi onagaz eta Aste Santuan denbora librea izanda, bide biak egitea lortu dut.

Rokodromoan zer moduz? Txapelketetan parte hartuko duzu?
Konpetizio batzuk bertan behera geratu dira. Data batzuk ipinita daude, baina ez dakigu egingo diren. Euskal Herriko selekzioagaz pare bat kontzentrazio egin ditugu, baina zer gertatuko den zain gaude.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!