Urtebeteko lanen ostean, Elorrioko Toloto erreka berbideratzeko lanak bukatu dituzte

Anboto 2020ko urr. 30a, 17:10

Lanak amaitu osteko irudia Toloto inguruan.

Burututako lanek udalerriko zenbait gunetako uholde-arriskugarritasuneko arazoei amaiera eman diete. Hurrengo egunetan elorriarrek Toloto errekaren ondoko pasealekuan ibiltzeko aukera izango dute, udalak ohar batean azaldu duenez.

Gaur bertan amaitu ditu URAk, Uraren Euskal Agentziak, Toloto erreka berbideratzeko lanak. Udalak eta URAk orain hiru urte sinatu zuten hitzarmena eta lanak iazko urrian hasi ziren, 1.608.594 euroko aurrekontuarekin.

Proiektuko helburuen artean zeuden udalerriko zenbait gunetako uholde-arriskugarritasuneko arazoei amaiera ematea eta espazioan zein herritarren mugikortasunean hobekuntzak egitea. Horrela, aire zabaleko ibilgu bat sortu dute, eta oso degradatuta zegoen ibaiaren parte bat naturalizatu egin da. Horrez gain, ibilgailuen zirkulaziorako bi zubi eraiki dira.

"Aurreko egoerak uren jarioa zailtzen zuen, eta ahalmen hidrauliko txikiaren ondorioz uholdeak sortzen zituen", azaldu dute. Trazatu berriarekin, ordea, "amaiera eman zaie arazo horiei", eta orain Elorrioko erdiguneak "berdegune berri bat" du.

Gainera, osasun-krisiak irauten duen bitartean, eta herritarrek espazioa erabiltzeari eta gozatzeari lehentasuna emateko, Montorra kalea oinezkoentzat bakarrik izango dela aurreratu dute.

Herria "eraldatu" duen obra

Idoia Buruaga Elorrioko alkateak nabarmendu du proiektu "benetan garrantzitsua" zela elorriarrentzat. "Bizitzen ari garen egoera zail honetan, asko pozten nau itxaroten geunden albiste bat emateak; gaurtik aurrera guztiok gozatu ahal izango dugu espazio berri honetaz. Herria eraldatu duen obra bat izan da hau, eta ez da bakarra izango, Montorra parkeak eta Ugarte bideak jarraituko baitiote. Proiektu horiekin guztiekin amaitzen dugunean, Elorrioko mugikortasuna, gozatzeko eremuak eta, azken batean, bizi-kalitatea hobetuko dira”, azaldu du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!