Toloto erreka berbideratzeko lanek bederatzi hilabeteko iraupena izango dute

Maialen Zuazubiskar 2019ko aza. 5a, 13:27

2011an hiri antolamendurako plan orokorra onartu zenetik URAgaz hitzarmena sinatzeko lanean ibili da Elorrioko Udala. Iazko urtarrilean sinatu zuten hitzarmena, eta gaur Idoia Buruaga alkateak eta Maria Herrero alkateordeak jakitera eman dutenez, dagoeneko hasiak dira Elorrio goitik behera eraldatuko duten lanak. "Toloto errekaren berbideraketak Elorrio erabat aldatuko du, herria izango da irabaziko duena. Amestutako Elorrio lortzeko pauso garrantzitsua izango da", esan du Buruagak.

Egun Toloto erreka lurrazpitik sartzen da Esteibarlanda inguruan, eta herria zeharkatu egiten du. Lan horiek burutu ostean, erreka kanpora aterako dute eta gainera, Errebonbilo kalean Zumelegi errekarekin bat egingo du.

Alkateak jakitera eman duenez, lan horiei esker herrian uholdeak izateko arriskua "nabarmen" gutxitu egingo da. Gainera, lan horiek beste hainbat lan egitea ahalbidetuko dute: Ugarteko biala egitea, Elorrioko herrigunea inguratzen duen eraztuna egitea eta Errebonbilo kalea eraldatzea, besteak beste.

Dagoeneko hasi dira erreka berbideratzeko lanak eta bederatzi hilabeteko iraupena izango dute. "Badakigu bederatzi hilabete hauetan afekzioak izango direla eta herria hankaz gora egongo dela, baina beharrezkoa da", esan du Maria Herrerok. Hala ere, une oro herritarrak informatuta izateko bandoak jarriko dituztela eta gainera, datorren astean, azaroak 11, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko bilera irekia egingo dutela Arriolan esan dute.

Lanok 1.600.000 euroko aurrekontua izango dute eta udalak 300.000 euro ordainduko ditu , Ugarteko zubia egiteko. Gainontzekoa URAk ordainduko du, udalak eta agentziak sinatutako hitzarmenari esker.

Erreka berbideratutakoan
Behin erreka berbideratuta Ugarteko biala egiten hasiko dira Elorrion. Bide horrek Miotara doan biribilgunea eta Montorra lotuko ditu. Errepide horren helburua, trafikoaren zati bat herrigunetik atera eta Ibarrako zubiari jarraipena ematea izango da. Gainera, bialari bizikletentzako bidegorri bat txertatuko zaio. Horrela, bidegorri horrek Ibarrako zubitik doanari jarraipena emango dio. "Bizikletentzako bidegorri horrekin beste mugikortasun eredu bat sustatzea izango dugu helburu", esan du alkateak. Horrez gain, egun Errebonbilo kaletik igarotzen diren autoei beste alternatiba bat emango dietela, eta horrela herrigunean oinezkoei lehentasuna emango zaiola jakitera eman dute.

Bestalde, Tolotoko berbideraketa bukatutakoan Buskantz lursaila atonduko dute. "Oraindik ez daukagu URAren baimenik. Beraz, uste dugu aproposena dela Toloto berbideratutakoan lan hauek egitea", bukatu du Buruagak.


Ugarteko bialak Elorrio inguratzen duen eraztuna eratzea ahalbidetuko du. 


Tolotok Ibaizabal errekagaz bat egingo du Errebonbilo kalean. 


Toloto berbideratzeak Buskantz lursaila atontzea ekarriko du

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!