Joan zen astean ANBOTOk iragarri bezala, bi txanda egongo dira igerilekuetan, goizez eta arratsaldez. Bi txanden artean instalazioak itxita egongo dira, eta garbiketa eta desinfektatze lanak egingo dira bertan. Neurri horiek hartuta, txanda bakoitean 550 lagunek erabili ahal izango dituzte igerilekuak, (450 lagun Eleizalden eta 100 lagun kiroldegian) eta bi txanda direnez, egunean 1.100 lagunek erabili ahal izango dute. Gainera, bi txanda horiekin ahalik eta pertsona gehienek instalazioak erabiltzeko aukera izan dezaten lortu nahi du Elorrioko Udalak.
Debekatuta egongo da
- Txirristak ezingo dira erabili, ezta hamakak eta eguzkitakoen oinarriak.
- Eguzkitakoak ezingo dira gordailuan utzi.
- Dutxak eta aldagelak ezingo dira erabili. Kasu berezietan soilik erabili ahal izango dira.
Igerilekua olgetarako erabiliko da, ez kirol jardueretarako
Udalak jakitera eman duenez, indarrean dauden araudi eta gomendioek uretan ere jendearen arteko distantzia zaintzera behartzen dute; eta horren arabera, igerilekua kirol-jarduerarako erabiliz gero, igerilekuko kale bakoitzean pertsona bakarra egon daitekela jakitera eman du udalak. Elorrioko kiroldegiko igerilekuak 25 metro luze ditu, eta 4 kale; horren arabera, igerilekuan 4 lagun baino ezin izango lirateke egon aldi berean.
Palaciosek esan duenez, Elorrioko kiroldegiak, gaur egun, 1.400dik gora bazkide ditu, igerilekua erabiltzeko eskubidea dutenak. Beraz, igerilekuaren erabilera 30 minutura mugatuko balute, bi asterik behin soilik edukiko lukete igeri egiteko aukera.
Baina igerilekua olgetarako erabiliz gero, jende kopuru muga pertsonen arteko distantzia betetzeko metro koadroak zenbatuta kalkulatzen da. Kiroldegiko igerilekuan, ohiko baldintzatan, 81 lagun sartzen dira, eta kopuru hori mugatu egingo da pertsonen arteko distantzia betetzeko; baina, hala ere, kirol-jardueretarako ahalbidetzen den kopurua baino handiagoa izango da.
Daniel Palacios kirol zinegotziak jakitera eman duenez, aipatutako baldintza hauek aldatuz joan daitezke. "Esaterako datozen asteetan baldintzak aldatzen badira, jende kopuruaren mugak jaisten badira eta kiroldegiko igerilekua olgetarako erabiltzea beharrezkoa ez bada, igerileku hori kirol-jarduerarako erabiltzea aztertuko dugu berriro".
Igerilekua bai, kiroldegia ez
Oharrean azaldu dutenez, udalerri bakoitzak erabakitzen du zer irekiko duen eta zer ez. "Ordu asko eman ditugu legeak ahalbidetzen duena eta ez duena aztertzen; baina ez hori bakarrik, instalazioen funtzionamenduan, bazkideengan eta Elorrioko gainerako herritarrengan izango duen eragina aztertzen", azaldu du Palaciosek.
Azterketa horietan oinarrituta, udalaren lehenengo erabakia kiroldegia "baldintza horietan" ez irekitzea izan zen, baina bai Eleizaldekoen osagarri gisa. Azterketan ikusi baizen, erabiltzaileek instalazioak normaltasun osoz erabiltzea ezin zitekeela bermatu. "Badakigu jendea instalazioak zabaltzeko zain dagoela, eta zabaldutakoan, alarma egoeraren aurretik erabiltzen zituzten maiztasunarekin erabili nahi izango dituztela, baina gaur egungo baldintzekin, litekeena da instalazioak bi asterik behin soilik erabili ahal izatea, edo gimnasioa erabili ostean igeri egitera ezin joatea", esan du Palaciosek.
Beraz, igerilekua olgetarako erabiltzen den bitartean, gainerako instalazioak itxita egongo dira Elorrion, eta abonuak etenda. Hori horrela, urteko abonuen zati proportzionala itzuli egingo dute. Kiroldegiko ordainketa helbideratuta dutenek, zuzenean jasoko dute. Helbideratu gabe dutenek eskaera bat bete beharko dute itzulketa jasotzeko.
Esker on mezua
Bukatzeko, zinegotziak eskerrak eman gura izan dizkie, enpresa adjudikaziodunari, izandako jarreragatik, instalazioetako langileei eta udaletxeko langileei. "Eta, nola ez, kiroldegiko erabiltzaile guztiei eman nahi dizkiet eskerrak ustekabeko egoera berezi honetan, hartzen joan garen erabakien aurrean erakutsi duten pazientziagatik eta ulerkor agertzeagatik", bukatu du.