Ekainaren 22an irekiko dituzte Eleizaldeko eta Elorrioko kiroldegiko igerilekuak

Maialen Zuazubiskar 2020ko eka. 12a, 19:00

Elorrioko Udalak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, Eleizaldeko igerilekuan gehienez 450 lagun sartuko dira, eta kiroldegikoan 100. Gainera, bi txanda egongo dira.

Hainbat astetan instalazioak zabaltzeko baldintzen inguruan gogoeta egin eta eztabaidatu ondoren, kiroldegiko igerilekua Elizaldeko udako igerilekuen osagarri gisa zabaltzea eta abonu beraren barruan sartzea erabaki du Elorrioko Udalak. "Zaila izan da erabakia hartzea, pertsona guztien interesak hartu behar dira kontuan, eta ezinezkoa da denak pozik uztea; hala ere, uda ezohikoa izango da eta uste dugu konponbide ona dela, horrela erabiltzaile kopuru handiagoak erabili ahal izango duela igerilekua", azaldu du Dani Palacios, kirol arloko zinegotziak. 

Bi txanda eguneko
Instalazioetan bi txanda egongo dira, bat 11:00etatik 15:15era eta bestea, 16:15etik 20:30era. Bi txanden arteko ordu horretan instalazioak itxita egongo dira, eta garbiketa eta desinfektatze lanak egingo dira bertan.

Gainera, igerilekuetara joateko aldez aurretik hitzordua hartu beharko da, online plataformaren bidez edo 94 682 10 27 telefono zenbakira deituta. Erreserbak aurreko egunean egin beharko dira.

Hainbat neurri

  • Ezingo dira igerilekuetako txirristak erabili.
  • Pertsonen arteko distantziak mantendu behar dira uretan eta uretatik kanpo
  • Igerilekuen barruan ere pertsona kopuru mugatua egongo da
  • Uretan ere denbora mugatu bat egon ahal izango da
  • Oraingoz ezingo dira aldagelak erabili. 
  • Mugikortasun arazoak edo beharrizan bereziak dituztenek aldagelak erabili ahal izango dituzte, baina dutxarik ez.
  • Ezingo dira eguzkitakoak mailegatu.
  • Norberaren eguzkitakoak ezingo dira igerilekuan gorde.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!