Udaletik plazara

Herriko merkatari, ostalari eta autonomoei laguntzeko hainbat neurri hartu ditu Elorrioko Udalak

Maialen Zuazubiskar 2020ko api. 15a, 15:53

Covid 19ak eragindako alarma egoeraren ondorioz itxi behar izan duten denda, taberna, jatetxe eta autonomoei lagundu asmoz hainbat neurri hartu ditu Elorrioko Udalak. Esaterako, negoziak itxita dituzten bitartean ez dute zaborragatiko ez kalea okupatzeagatiko tasarik ordaindu beharko.

Gainera, kolektibo horri bideratzeko 40.000 euro bideratuko dituztela jakitera eman du udalak prentsa ohar bidez. 

Bestalde, konfinamendua bukatu eta nolabaiteko normaltasuna bueltatzen denean Elorrioko Merkatarien Elkartearekin batera, herriko komertzioak bultzatzeko bi kanpaina martxan jarriko ditu udalak. Kanpaina horiek erosketa-txartelenak izango dira, eta guztira 20.000 euro bideratuko dituzte, iaz baino 10.000 euro gehiago. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!