“Isolamenduan, neure buruagaz umorea egitea izan da garrantzitsuena”

Igor Galarza 2020ko api. 3a, 12:30

Lortu du. Fermin Gallastegui elorriarrak gainditu du koronabirusa. Covid-19a antzeman ziotenetik, aste bi inguru egin zituen Galdakaoko ospitalean. Beste gaixotasun batzuengatik zegoen han, eta bertan kutsatu zen. Koronabirusagatik ingresaturiko lehenengoetarikoa izan zen. Etxean beste aste bi iragan ditu, isolamenduan, baina martitzenean, hilabete baino gehiagoan itxaroten zebilen albistea jaso zuen: negatibo eman zuen koronabirusaren azterketan.

Zelan igaro duzu hau guztia?
Hasieran ez nuen sinesten, gaixotasun bat besteagaz batu zitzaidan. Zortez, pazientzia duen pertsona naiz, eta hau guztia jasangarriagoa egitea lortu dut. Ahultasun uneak ere izan ditut, jakina, baina momentu horietan nire buruagaz eta egoeragaz barre egitea lortu dut. Egun hauetan umoreak lagundu dit, garrantzitsua izan da niretzat.

Koronabirusa zenuela, infernua gainera etorriko zitzaizula pentsatu zenuen?
Infernu edo egoera arraroa zen. Nik bizi izan dudanagatik, hasieran medikuek itxaroten ez zuten zerbait izan zen. Eta ez dakit pneumonia edo antzeko gaixotasuna duen pazienteagaz zer protokolo duten ospitaleetan. Horrelakorik ez badago, gaur egun dugun egoeragaz, sortzea gomendatuko nieke Osasun Sailekoei. Izan ere, nire familiak eta nik, eta gelakidearen senideekin hasitakoa… batek daki zelan jarraitu zezakeen horrek. Birusak izan zezakeen hedaduragaitik diot.

Zelan jaso zenuen berria?
Lotara joan eta biharamunean, esnatu nintzenean, gure atea itxita zegoen. Argi gorri bat zegoen. Orduan jakin nuen gelakidea hil egin zela. Urduritasuna igarri nuen, eta zer gertatzen ari zen galdetzen nien medikuei. Arratsalde aldera, gelakideak koronabirusa zuela esan zidaten, eta probak egin behar zizkidatela. Gauean izan zen, hamabi ordu isolatuta egon aurretik, erizainekin berba egingo nuen azken aldia. Hurrengo goizean ez zidaten ohea egin, inork ere ez ninduen artatu… eta tinbrea jo nuenean erizain batek burua besterik ez zuen sartu logelan. Aurreko guztia azaldu nion, eta ezin ninduela artatu esan zidan, lan asko zeukala. Geroago eta sarriago hasi nintzen tinbrea jotzen, geroago eta urduriago. Orduan, medikua etorri zen. Covid-19 proban positibo eman nuela esan zidan. Hasieran ez nion barkamena onartu medikuari, kutsatzea ekidin zitekeela uste nuelako. Larrialdietako protokoloak ea zertan huts egin zuen galdetu nion.

Protokolo berari jarraitu diote uneoro?
Lehenengo hiru egunetan ez zuten beste munduko segurtasun jantzirik, ezta protokolo zorrotzik ere. Solairuz aldatu nindutenean, ostera, tratua aldatu egin zen. Logelara sartzen ziren, eta behar diren moduko protokoloak zeuzkaten. Ohiko aldaketak eta eginbeharrak egiten zituzten.

Orokorrean, tratua behar den modukoa izan zen?
Kutsatu eta hamahiru egunera hartu nuen alta. Tratua ona izan zen. Hasieran barkamena onartu ez nion medikuari bostekoa ere eman nion. Orduko protokoloa eta oraingoa ez da berbera izango, seguru asko.

Etxekoak zain egongo ziren etxean.
Etxera heldu nintzenean ere ezin izan nituen etxekoak besarkatu. Anbulantziatik etxera, eta logelara segituan. Behin etxean, hamabost egun egin ditut isolatuta. Etxekoek ate ondoan uzten zidaten janaria, eta dutxatu behar nintzenean, komuna osorik desinfektatu behar izaten nuen.

Sendatu zinela jakin zenuenean, zer gauza egin zenuen lehenengo?
Ba, negatibo eman nuela jakitean, familiari besarkada beroa eman nion, eta ogia erostera irten nuen (barrez). Hori bai, sekulako mina nuen giharretan. Semea atzetik zetorren, badaezbada, zorabiatzen banintzen-edo.

Umoreaz gainera, badago norbera lasaitzeko beste modurik?
Gaixoaren eta mediku zein erizainen artean erlazio estua sortuz gero, gaixoarentzat errazagoa da aurrera egitea, leunagoa izango da. Nire kasuan behintzat, hala izan zen. Hainbat langilegaz tratu estua edukitzea lortu nuen, eta sekulako lana egiten ari dira. Animo handia bidali gura diet gaixo dauden guztiei. Eta baita gaixoak laguntzen dabiltzan erizain eta mediku guztiei ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!