“Lanerako behar gaituztela eta ez gaixotzeko esaten digute, kontuz ibiltzeko”

Maialen Zuazubiskar 2020ko mar. 21a, 10:00

Orain urte bi eta erditik hona, Irati Marzana elorriarra (1993) Madrilen dabil lanean, erizain. Azkenaldian Cosladako ospitale publikoan.

Espainiar estatuan, Madrilen dago koronabirus kasurik gehien, eta zu bertan zabiltza lanean. Zelako egunak dira hauek erizain batentzat?
Pertsonalki, orain egun batzuk baino lasaitxoago nago. Orain arte arduratuta egon naiz ingurukoek egiten zutenagaz, baina dagoeneko ematen du jendea kontziente dela bizi dugun egoeragaz; beraz, lasaiago nago. Hasieran, izugarri kostatu zitzaidan inguruko jendea konbentzitzea etxetik ez irteteko. Egia esan, neurri zorrotz hauek egun batetik bestera ipini zizkiguten, eta jendeari gatx egin zitzaion ulertzea ezin genuela etxetik irten. Niri, esaterako, lagunek hainbat bider esan zidaten etxeren batean edo bestean elkartzeko, eta behin eta berriro esan behar izan nien hori ez zela egin behar.

Lanean, ostera, presio handia izan dugu eta sarritan gatx egin zait informazioa ulertzea, momentu askotan informazio kontrajarriak jaso ditugu eta. Lanerako behar gaituztela eta kontuz ibiltzeko eta ez gaixotzeko esaten digute, baina, gero, jendeagaz momentu oro kontaktuan gaudenez gaixotzeko arrisku handia dugula diote.

Izan duzu hartu-eman zuzenik koronabirusa duen gaixoren bategaz? 
Ni lanean nabilen solairuan ez dugu hartu paziente positibo ofizialik, baina izan ditugu gaixoak bertara ekarri dituztenak sintomaren bategaz eta azkenean isolatu egin behar izan ditugunak positibo eman dutelako. Orain arte, positibo ematen zuten horiek zerbitzu berezietara lekualdatzen genituen. Baina hemendik aurrera bertan artatuko ditugu, nahiz eta gure solairua egokiena izan ez koronabirusa duten gaixoentzat. Solairu erdi egokitu dugu Covid19 duten gaixoentzat.

Zergatik diozu hori?
Gure solairuan barne medikuntzako gaixoak ditugulako, hau da, orokorrean jende nagusi pilo bat.

Gaixoek eta euren familiek zelan hartu dute solairua egokitzea?
Gaixoek badakite zer gertatzen dabilen, eta familiek ulertzen dute gure egoera. Gaixoen senideek lasai ibiltzeko esaten digute denera heldu ezinik ikusten gaituzten momentuetan, ulertzen dutela zein egoeratan gauden. Hala ere, aho-maskarak eskatzen dizkigute, askok baita kalerako ere. Guk, baina, debeketatuta dugu ematea.

Zuei lanean neurriak zorroztu dizkizuete?
Azken aldian neurriak aldatzen dabiltza, baina ez dakigu aldatu diren baliabiderik ez dagoelako edo benetan ziurtatuta dagoelako neurri berri hauekin ere babestuta gaudela. Kontua da, orain aho-maskara ipinita joan behar dugula gaixo guztiengana, badaezpada, gu kutsatuta egonez gero eurak ez kutsatzeko. Koronabirusa izan dezaketen gaixoengana goazenean, eta esaterako aerosolik ipini behar ez badiegu, aho-maskara kirurgiko bategaz eta kirofanoko bata bategaz joateko esaten digute, horregaz nahikoa dela. Baina komunikabideetan ikusi dugu koronabirusa duen gaixo batengana bagoaz, betaurrekoak, kaskoa eta aho-maskara bereziak ipini behar direla. Beraz, osasun arloko langileok oso arduratuta gaude ipini berri dizkiguten neurri hauengatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!