Elorriar bat Galdakaoko ospitalean ingresatuta dago koronabirusagatik

Jone Guenetxea 2020ko mar. 9a, 16:15

Galdakaoko ospitalean hil zen 82 urteko gizonaren gelakidea izan zen. 

55 urteko elorriar bat koronabirusagatik ingresatuta dago Galdakaoko ospitalean. Elorriarragaz hartu-emana izan duten zortzi senitarteko isolamenduan daude, beraien etxeetan. 

Elorriarra otsailaren 19an ingresatu zuten Galdakaoko ospitalean, Zainketa Intentsiboetako Unitatean. Bere senitartekoek ANBOTOri azaldu diotenez, gripe A, pneumonia eta bakterio bat diagnostikatu zioten. Aste bete pasatu eta gero, gizona gela batera pasatu zuten. Ospitale horretan koronabirusagatik hildako 82 urteko gizona gelakide izan zuen. "Guk ere hartu-emana izan genuen gizon haregaz", dio familiak.

Eguazten arratsaldean 82 urteko gizona hil egin zen. Senitartekoek diotenez, gelan argi laranja bat ikusi zuten, eta itxarongela zarratu zuten. "Hala ere ez ziguten ezelango azalpenik eman", diote senideek. Gauean, familiak ospitaletik deia jaso zuen. Gelakideak positibo eman zuenez, elorriarra eta bertara bisitan joandakoak isolamenduan jarri behar zirela jakinarazi zieten. "Harrezkero hemen gaude, senarra ikusi barik. Bera bakarrik dago gela batean. Askoz hobeto dago. Ez du sukarrik", dio emazteak. Familiako zortzi kide isolamenduan egon arren, ez dute sintomarik. "Etxean egoteko esaten digute, baina eurek ere behar zen protokoloari ez diote jarraitu, ospitalean koronabirusagaz inor ez kutsatzeko". 

Hasieran, bederatzi eguneko isolamendua izango zela esan zioten familiari. Orain, ostera, hamalau egunekoa izan behar dela azaldu diete. "Lagun batzuk eta familiak janaria uzten digute atarian", azaldu dute.  

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!