“30 minutuko langa nuen buruan; bi-hiru urtean entrenatu naiz hori lortzeko”

Joseba Derteano 2020ko ots. 29a, 10:20

Korrikalari gutxi dago errepidean 10 kilometroko proba bat ordu erditik behera amaitu dutela esan dezaketenak, eta Aitor Mimenza (Elorrio, 1991) da euretariko bat. Korrikalari elorriarrak Valentzian lortu zuen aspalditik bila zebilen marka.

 

29.37, horixe da denbora, ezta?
Ofiziala, bai. Denbora erreala 29.33 da. Jende askoko lasterketetan, aurre-aurrean irten ezik geroago abiatzen zara eta desfase bat egoten da.

Ordu erditik jaistera joan zinen ala horrela irten zitzaizun ?
Ondo entrenatuta nindoan eta 30 minutuko langa nuen buruan. Azken bi-hiru urteetan, hori lortzeko entrenatu naiz. Banuen ordu erditik jaisteko asmoa, baina ez nuen uste hain denbora ona lortuko nuenik.

Beraz, zu zeu ere harritu zintuen lortutako denborak.
Bai. Gainera, erlojurik barik korritzekoa naiz eta 200 bat metroren faltan helmugako erlojua ikusi nuenean, "Aitor, sekulakoa egin behar duzu gaur", pentsatu nuen.

Aipatu duzunez, aspalditik lortu guran zenbiltzan erronka zen.
Nik eta atleta askok, esango nuke. Ez dakit zerbait psikologikoa den ala zer, baina 30 minutuko langa jaisteko nahi hori beti dago hor. Urtean atleta dezente ahalegintzen dira horretan. Nik, azkenean, lortu dut eta ez nuke esango pisu bat kendu dudanik gainetik, baina, tira, entrenamenduek bere fruitua eman dutela bai, behintzat.

Datuak daudenetik, Durangaldeko korrikalarien artean zeurea da denborarik onena.
Ez diet horrelako gauzei begiratzen, baina, egia esan, denbora hori lortu nuenean hainbat zorion mezu jaso nituen eta esan zidaten eskualdean ez zutela horrelako beste markarik gogoratzen. Ez dakit berriro denbora horretara hurreratuko naizen, baina hau behintzat hor geratuko da.

Marka hori oraindino hobetu dezakezula sentitzen duzu?
Sentipena dut Valentzian nahiko osorik heldu nintzela helmugara. Banekien lasterketa irabazi zuen emakumearen helburua ordu erditik jaistea zela. Haren taldean sartu eta zazpigarren kilometrora arte, taldearen babesean, sentsazio onekin eta indartsu joan nintzen. Azkenengo hiru kilometroetan aurrera egin nuen eta, bai, justuan heldu nintzen, baina, zeozertxo gordeta aldi berean.

Bartzelonako maratoi erdian ere denbora harrigarria lortu zenuen orain asteburu bi: 1.06.36.
Pozik eta gustura nago, baina uste dut apur bat azkarrago korritzeko moduan nengoela. Valentziakoaren ondoren, gorputza apur bat erlaxatu egin zitzaidan. Baina Javier Fontanedak Bartzelonara joatea gomendatu zidan. Gero, lasterketa bera ez zen perfektua izan. Taldetik kanpora geratu nintzen, denbora asko aurpegia ematen, haize dezente… 

Javier Fontaneda aipatu duzu. Zelako garrantzia izan du zure ibilbidean?
Handia. Bera barik ez nuen lortuko lortu dudana. Oier Ariznabarreta, Dabid Garcia, Iñigo Olano, ni neu… eguaztenero batzen gara Durangon, eta Fontanedak gidatzen ditu entrenamenduak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!