Pistan, Javier Fontanedarena da hamar kilometroko probako Bizkaiko errekorra 1985etik hona

Joseba Derteano 2020ko ots. 29a, 10:20

Aitor Mimenzak errepidean lortutako marka azpimarragarria da, baina beste hainbeste esan daiteke Javier Fontanedak 1985ean Vigoko pistan lortutakoari buruz ere. Espainiako txapelketa zen eta honako denboran osatu zituen 10 kilometroak: 28.45.57. Orduan, 24 urte zituen.

Ondo gogoan du denbora hori. "Horrelakoak ez dira sekula ahazten", dio. Marka horregaz, Durango Kirol Taldeko korrikalariak Bizkaiko eta Euskadiko errekorrak ipini zituen. Urte batzuk geroago, Martin Fizek Euskadikoa hobetu zuen, baina euskal atleta batek distantzia horretan duen markarik onetetarikoa izaten jarraitzen du. Bizkaiko markak, ostera, oraindino indarrean dirau. 35 urtean ez du inork ere hobetu. Fontanedak ondo ezagutzen du Mimenza, eguaztenero Durangoko atletismo pistan batzen diren atletetariko bat delako, eta elorriarrak Valentziako denbora hobetu dezakeela uste du. "Marka hobeak lortzera helduko da, egiten duenagaz oso konprometituta dagoelako. Gogor entrenatzen da", dio Elorrion lan egiten duen getxoztarrak. Fontaneda lesio batetik errekuperatzen ari da. Horregatik, aurten ezingo du master mailako munduko txapelketan parte hartu. Txapelketa horretan, Espainiako errekor bi lortu zituen iaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!