Azaroaren 19an, genero ziberjazarpenaren inguruko tailerra egingo duzue. Zer aurkituko dute bertaratzen direnek?
Ziberjazarpenaren eta indarkeria matxistaren nondik norakoak landuko ditugu. Hainbat kontzeptu jorratuko ditugu, eta aldez aurretik daukagun informazioa ordenatzeko eta finkatzeko asmoa izango dugu. Bestalde, espazio digitalean pertsonok pairatzen ditugun zenbait egoera aztertu eta hauek eragiten dituzten ondorioei buruz gogoeta egingo dugu.
Nori zuzenduta dago tailerra?
Gogoetarako espazio batean murgiltzeko interesa duten pertsonei.
Eta zer da ziberjazarpena?
Ziberjazarpena komunikabide digitalen bitartez egiten den eraso pertsonal larria bat. Gainera, ziberjazarpenak milaka forma izan ditzake. Esaterako, gaur egun sare sozialen bitartez geroago eta errazagoa da beste pertsona bati min egitea, bere datu pertsonalak eta informazioa partekatu ditzakegu eta.
Jendea kontziente da ziberjazarpena zer den?
Jendeak kontzeptua ezagutzen duen arren, ez du oso barneratuta sare sozialetan ipintzen dugun iruzkin batek zelako eragina izan dezakeen beste pertsona baten bizitzan zein honen emozioetan.
Horrelako jazarpen bat jasotzerakoan, jendea konturatzen da eraso egin diotela?
Horrelako jokabideak oso normalizatuta daude gaur egun, eta jendeak errazago ahazten du pantaila baten atzean enpatia zer den. Baina, bai, eraso bat jasotzen dugunean, erasoaren biktima sentitzen gara. Beste gauza bat da ea emozionalki badakigun eraso hori identifikatzen edo kudeatzen. Beste batzuetan, ostera, ez ditugu gure eskubideak ezagutzen.
Zelan jokatu behar da horrelako kasuen aurrean?
Kasu hauek salatu egin behar dira. Hala ere, beste hainbat modutan babestu dezakegu geure burua. Esaterako, sare sozialetan erakusten dugunari mugak ipini ahal dizkiogu, gure informazioa erasotzailearen arma delako. Bestalde, horrelako egoerek gure emozioetan duten eraginari erreparatzea ere oso garrantzitsua da, eta gure hurbilekoekin partekatzea.
Interneten geroago eta gehiago gaude. Beraz, arriskua handiagoa da?
Interneten eta kalean pertsona berak gaude, eta besteek egiten dutena ez dago gure esku. Hala ere, geure buruari galdetu beharko genioke ea gure informazioa noraino hedatu gura dugun. Kontziente izan behar dugu "klik" bakar batetegaz munduko beste puntara heltzen dela gure informazioa. Hori batzuetan, onerako izan daiteke, baina baita txarrerako ere.