Elorrioko Ferixa Nausikoak

“Aurtengoa txupinazo berezia eta indartsua izango da ”

Jone Guenetxea 2019ko abu. 31a, 10:00

Elorrioko emakumeen mugimenduak aurreratu duenez, aurtengo jaien hasierak ez du inor ere epel utziko. Ekitaldi berezi bat antolatzen ari dira berdintasunaren aldarrikapena lau haizetara zabaltzeko.

Zelan jaso zenuten txupinazoaren gonbidapena?
Itziar Urizarbarrena: Elorrioko talde feminista guztientzako gonbidapena egin zuten. Lehenengo bileretan talde gehiago egon ginen, baina nagusienek esan zuten gazteen kontuak zirela. Horregatik, txupinazoa Autodefentsa Feminista taldeak botatzeko esan ziguten. 

Ardura handia da?
Haizea Lazkano:
Batzarrean ardura hori hartzea erabaki genuen, gauza asko ditugulako esateko eta gure aldarrikapenak oso zilegiak direlako. 

Pentsatu duzue zer esan, zer egin... 
H.L.: Txupinazoari aldaketa batzuk egitea erabaki dugu. Beraz, ez da ohiko txupinazoa izango. Txantxibiri abesti herrikoiaren moldaketa feminista egin dugu, eta kanta hori txupinazoko osagai bat izango da. Koreografia bat ere prestatu dugu. Sorpresa gehiago ere egongo dira. Denontzako lekua izatea gura dugu, eta adin guztietako andrek parte hartzea. 

Jaietan lantzen da bereziki berdintasunaren gaia. Zein ikuspuntu duzue horren inguruan?
I.U.: Urte guztian lantzen dugun gaia da. Gertatzen dena da horrelako ekimen potoloak antolatzen direnean beti gogorarazten ditugula protokoloa eta aldarrikapenak. Hau egunerokotasunean eraman behar dela esan gura dugu. Egun edo aste zehatz bateko lanketa bat baino gehiago da. Ildo honetatik,  lan egiteko aukera asko daude udaletik kanpo. Emakume talde asko daude eta gizonen taldeak ere sortu dira. Maskulinitate eredu berriak sortzeko aukerak egon dira, mutil gutxik eman duten arren izena. 

Zelan antolatzen da Autodefentsa Feminista taldea urtean zehar? 
H.L.: Taldea erasoei aurre egiteko sortu zen. Bestalde, martxoaren 8ko greba zela-eta batu ginen asanblada moduan. Erasoak dauden bakoitzean batu egiten gara eta kontzentrazioak egiten ditugu. Orain, txupinazoa dela-eta batzen ari gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!