Eskuz marraztutako irudiekin osatu duzu kartela. Zergatik aukera duzu teknika hori?
Diseinatzaile grafikoa naiz eta sarritan ordenagailua erabiltzen dugu erreminta nagusi moduan. Orain dela hile batzuk, Berbarok antolatuta, Irati Egurenek emandako ikastaro batean egon nintzen. Testurak sortzeko hainbat teknika ikasi nituen, eta asko gustatu zitzaidan. Beraz, mundu teknologiko horretatik aldendu gura nuen, eta eskuzko lan bat egin.
Zer islatu gura izan duzu diseinu honegaz?
Kartel bat aukeratzeko, epaimahaiak eta herritarrek sarritan uste dute jaietako guztia irudikatu behar dela bertan. Ni ez naiz ideia horren aldekoa, baina askotan joera hori dugu helburua lortzeko. Horregatik, azokagaz lotuta, astoa eta barazkiak agertzen dira. Sua eta lapikoa ere badaude, sukalkiari begira. Buzkantza ere Elorrioko protagonista denez, bertan agertzen da. Hau da, normalean jendeak Elorrioko jaiekin lotzen dituen elementuak sortu ditut.
Lehenengoz aurkeztu zara Elorrioko jaietako kartel lehiaketara?
Elorrion aurkezten naizen lehenengo aldia da, bai. Ez naiz sekula ere beste inon aurkeztu.
Diseinatzaile legez, baduzu kontraesanik kartel lehiaketen inguruan?
Asko. Ez dut inondik inora ere kartel lehiaketa kritikatu gura. Hala ere, badut kezka bat. Diseinua gure lana da. Honetatik bizi naiz eta honetatik bizi gura dut. Gure lana lehiaketa batean epaitzen da. Ez dut esan gura epaimahaiak jakintzarik ez duenik erabaki bat hartzeko, baina beste edozein ofiziotan ez da gertatzen hori. Esate baterako, ez da lehiaketarik egiten plazako iturria eraikitzeko. Mahai tekniko batean erabakitzen da zein den proiekturik egokiena, eta horri ematen zaio eraikitzeko aukera. Hau da, ez dira bost iturri egiten eta gero herritarren artean gustukoena zein den erabaki.
Kartel bat aukeratzeko, zein irizpideri jarraitu beharko lioke epaimahaiak?
Kartela polita ala zatarra den da gaur egun erabiltzen den irizpidea. Baina kartel zatar bat ona izan daiteke eta bere funtzioa bete dezake. Jendeak ez du hori ulertzen. Ni hortik aldentzen saiatzen naiz. Irati Egurenen tailerraren eraginez animatu naiz, baina ez naiz parte hartzekoa izan.
Kartelak badu bere protagonismoa jaietan.
Bai, baina kartelak balioa galtzen ari dira. Egitarauko azalean agertzen da, baina ez askoz leku gehiagotan. Bere funtzionalitatea galdu du.