Elorrioko Ferixa Nausikoak

Elorrioko emakumeen mugimenduak jaurtiko du Ferixa Nausikoetako txupinazoa

Anboto astekaria 2019ko uzt. 16a, 12:48

Elorrioko Autodefentsa Feministako kideek txupinazo "berezia" jaurtiko dutela aurreratu dute jaien aurkezpenean.

Elorrioko emakumeen mugimenduaren izenean Autodefentsa Feminista taldeko kideak izango dira txupinazoaren arduradunak Ferixa Nausikoeran. Abuztuaren 31n izango da hori, herriko plazan. Jaien aurkezpenean azaldu dutenez, ez da ohiko txupinazoa izango. "Historian zehar isilarazi diren emakumeen ahotsa izatea gura dugu, baita gaur egun dauden emakumeena ere. Aldarrikatzen dugu adin, sexu-aukera eta jatorri askotako emakumeen jaiak direla. Uste dugu jai parekideak izan behar direla. Eskubidea dugu etxera seguru joateko", azaldu dute Itziar Urizarbarrena eta Haizea Lazkano Autodefentsa Feminista taldeko kideek. 

Bestalde, udalak jai egitarauagaz batera erasoren bat jasan jasanez gero eskura dauden telefono zenbakiak aldean eramateko txartelak banatuko dituela azaldu du Idoia Buruaga alkateak. 

Aurtengo jaietako nobedadeetako bat gaztegunea izango da. Tailerrak, musika eta beste hainbat ekintza antolatuko dituzte 11-15 urte arteko gazteei zuzenduta. Ekitaldi hauek Aldapebeitian eta plazan antolatuko dituzte, iluntze aldean. 

Aurrekontua gora

166.000 euroko aurrekontua izango dute jaiek, iaz baino %10 gehiago. 65.000 euro animaziora eta ikuskizunetara bideratu dute. Gaztegunea "apustu sendoa" izango dela azaldu du Julene Lazkano zinegotziak. Nerabeen programaziora 10.500 euro bideratu dituzte.

Kartelaren egilea

Mikel Askasibar diseinatzaileak irabazi du Ferixa Nausikoetako kartel lehiaketa. Jone Guenetxea ANBOTO astekariko zuzendariak 500 euroko saria eman dio. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!