Beste garaipen bana lortu dute Aroa Gorostizak eta Ziortza Isasik

Joseba Derteano 2019ko eka. 16a, 14:05
Isasi eta Gorostiza Euskadiko txapelketa irabazi zuten egunean.

Ekain hasieran Euskadiko txapelketak irabazi zituzten txirrindulari elorriarrak berriro igo dira podiumaren gorenera.

Sekulako maila erakusten ari da Aroa Gorostiza (Bizkaia-Durango) eta Ziortza Isasi (Eneicat) aurten. Gorostizak San Martzialerako kronoigoera irabazi zuen barikuan, Euskaldun Torneorako 11. lasterketa puntuagarria. Bergarako ibilbideko 1.5 kilometroak 05.23.81eko denboran osatu zituen 23 urtez azpiko Euskadiko txapeldunak. Horrez gainera, Bizkaia-Durangok sei txirrindulari sailkatu zituen aurreneko hamarren artean. Kadete mailan bigarren tokian geratu zen Glas-Iurreta taldeko Eneritz Vadillo.

Ziortza Isasik Lakuntzako lasterketa irabazi zuen atzo, esprintean azkarrena izanda. Euskaldun Torneorako 12. proba puntuagarria irabazita Eneicat taldeko txirrindularia sailkapen nagusiko liderra da. 23 urtez azpiko liderra, berriz, Bizkaia-Durango taldeko Enara Lopez da. Atzo hirugarren tokian geratu zen Lakuntzan.

Junior mailan Iurretako CAF Turnkey taldean dabiltzan Julia Sanchez eta Amaia Lartitegi hirugarren eta laugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.

Gaur Sandra Alonso eta Amaia Lartitegi irabazle

Barikuan, zapatuan.. eta gaur ere bai. Emakumeen Euskaldun Torneoak ez du atsedenik hartzen. Hiru egunetan, hiru lasterketa. Gaurkoa Entrenan (Errioxa) izan da. Elite mailan garaipen handia lortu du Bizkaia-Durango taldeko Sandra Alonsok. Kilometro askotan bakarrik ihes eginda ibili da eta ezin izan dute harrapatu. Junior mailan, aldiz, CAF Turnkey taldeko Amaia Lartitegik jaso ditu besoak helmugan. Asteburu bikaina izan da eskualdeko talde bientzat.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!