Elorrioko Udala: "Zerbitzu pribatu baten kostea ezin da zuzeneko kudeaketarena baino handiagoa izan"

Maialen Zuazubiskar 2019ko eka. 13a, 12:07

Elorrioko eraikin, eskola eta lokal publikoetako garbiketa-zerbitzuko langileek greba mugagabea hasi zuten apirilaren 29an. Orduz geroztik, Eulen enpresak azpikontratatuta duen zerbitzuko 15 langileak greban daude. Gobernu taldeak garbiketa zerbitzuko grebaren harira bere iritzia plazatzeko oharra kaleratu du, eta bertan jakitera eman dutenez, "egoera hau ez da inorentzat erosoa eta egoera bere onera ekartzeko" lanean jarraituko dute. 

Oharrean jakitera eman dutenez, martxoaren 11n Elorrioko Udaleko ordezkariak ELA sindikatuko kideekin batu ziren, eta bertan, sindikatuak hurrengo lau urteetarako soldata %80 igotzea eskatzen zuen, udalaren zerbitzuaren kostea 368.000 eurotik 700.000 eurora igoz. "Gure ustez, zerbitzu pribatu baten kostea ezin da zerbitzu publiko batena baino handiagoa izan. Sindikatuek ez zuten gure argudioa onartu eta gainera oposaketa baten bidez zerbitzua publifikatzearen kontra ere azaldu ziren", jarraitu dute udaleko kideek. 

Batzar horren ostean, ELAk greba mugagabea konbokatu zuela, eta ondoren, udalak beste proposamen ekonomiko eta laboral bat aurkeztu duela jakitera eman dute. "2020rako %10eko soldata igoera proposatu dugu, eta 2021 eta 2022an urte horiei dagokien KPIa. Portzentai horrek zerbitzuaren balizko publifikazioaren kostea aldaratzea suposatuko du eta. Gainera, gehikuntza horrek hilean 100 euro baino gehiago eta urtean 1.600 euro irabaztea suposatuko lioke jardun osoko langile bati", esan dute. Horrez gain, proposamenean kontratazio orrietan aurreikusi ziren hobekuntzak mantenduko lirateke: ordezkapenak lehen egunetik egitea, beharrezko lan orduak zuzentzea, lan jarduna handitzea... "Porposamenaren aurrean, ELAk grebarekin jarraitzea erabaki du, gure harridura eta ustekaberako". 

Bestalde, sindikatuaren azken proposamena bi urtetan %20ko gehikuntza izan dela nabarmendu du gobernu taldeak. "Igoera horrek publifikazioa baino koste handiagoa dakar. Eta udalak argi dauka zerbitzu pribatu baten kostea ezin dela zuzeneko kudeaketarena baino handiagoa izan". 

Arazoak ikastetxeetan

Horrez gain, grebak ikastetxeetan sortu dituen arazoak direla eta Jaurlaritzari beharrezko neurriak hartzeko eskatu zietela aitortu dute gobernu taldekoek. "Arduraz jokatu dugu, greba eskubidea errespetatu bai, baina ikasleen hezkuntza eta osasun eskubideak bermatzea gure bete beharra delako", bukatu dute. 

 

 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!