Elgetaren gainbehera irudikatuko dute herritarrek Intxortako erresistentzia gogora ekartzeko

Jone Guenetxea 2018ko api. 21a, 10:00

Fronteak Elorrion ere eragina izan zuela gogora ekarri guran, udalak ere Intxortako ekitaldiekin bat egin du.

Faxisten erasoaldiari eutsi guran, Intxorta inguruan frontea ezarri zuten orain 81 urte. Memoria historikoa babesteko Elorrion sortu berri den Laumunarrieta elkarteko Jesus Aristegi kideak gogoratu duenez, faxisten aurkako frontea oso zabala izan zen. “Intxortaz gainera, Elorrio gainean Erdella mendira eta Santamañezaharrera ere hedatu zen erresistentzia hori”, adierazi du Aristegik. Elkartearen ikerketen arabera, Elorrioko frontean 94 pertsona hil ziren. 

Izan ere, Gerra Zibilean Fronteak eragin zuzena izan zuen Elorrion. Gerrako komandantzia herrian ezarri zutela gogoratu du Aristegik. Larizen, ospitalea ezarri zuten. Gaur egun Parra taberna dagoen eraikinean konpainia errepublikarrak zeuden eta BBKren eraikinean, berriz, armen gordailua. Beraz, gerra giroa bete-betean bizi izan zuten. 

Ikerketa beka
Laumunarrieta elkarteak, Elorrioko Udalagaz batera, memoria historikoa ikertzeko beka sortzeko asmoa du. 2018-2019 ikasturterako, 4.000 euroko beka prest izatea gura dute.

 

Herritarren antzerkia
Elgetako Udalak, Intxorta 1937 Kultur Elkarteagaz batera, aste biko egitaraua prestatu du Intxortako erresistentziaren 81. urteurrena gogora ekartzeko. Aurten, aldaketa nabarmen bat egingo dute: lubakietako borrokaldien errekreazioa egin beharrean, Elgetaren gainbehera izeneko antzezlana egingo dute herritarrek domekan, 12:45ean. Jesus Aristegi elorriarrak ere parte hartuko du ekitaldian. “Herritarren laguntza eskatu dute, eta parte hartzea erabaki dut. Antzerkian karlista jantzita joango naiz. García Badilloren laguntzailearen papera egingo dut”, dio elorriarrak. Antzezlanaren aurretik, 11:30ean, frontean hildakoei omenaldia egingo diete Intxortako atean. Ostean, Elgetara martxa egingo dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!