Ohi baino negu gogorragoa izan dela igarri duzue errepidean entrenatzen zareten txirrindulariek?
Aurreko urteagaz alderatuta, elur, euri, hotz eta haize hauek nabarmen eragin digutela nabaritu dugu. Aurtengo neguan asko busti gara, eta sarritan errepidera irten ezinik ere egon gara.
Egin duen elurra azkar urtu da. Beraz, txirrindularien kasuan euria izan da kaltegarriena?
Euria izan da txarrena, bai. Lau orduz errepidean bustita... Horrez gainera, katarro gehiago harrapatu ditudala ere igarri dut. Egun batean 0 edo 2 gradutara ibili, eta bat-batean 13ra pasatu gara; aldaketa horrek gorputzean eragiten du. Gure mailako txirrindularirik gehienak ikasten gabiltza, eta hemen entrenatu behar izan dugu. Baina beste batzuek Benidorm aldera jotzen dute, entrenatzeko eguraldi hobearen bila. Hemen geratzen direnen kasuan, autoa hartu eta Nafarroa aldera joaten direnak ere badaude.