1936ko uztailean gertatu zen altxamendua. Zu noiz konturatu zinen gerra bat hasita zegoela?
Berehala konturatu ginen. Bat-batean, errefuxiatuak eta soldaduak etortzen hasi ziren. Jendez bete zen Elorrio, eta gure etxea. Elorrio herri trankil-trankila zen eta, bat-batean, milaka lagun gehiago! Sinesteko ere! Etxe handiak hutsik geratu ziren segituan, baina kotxeak etxaurreetan zeuden, eta milizianoek berehala hartu zituzten. Alde batetik bestera ibiltzen ziren. Goizetan, etxeko leihotik, milizianoak plazan ikusten genituen, ilaran jarrita. Han abiatzen ziren frontera, jantzi garbiekin. Han zeuden bitartean, Jesusa gure neskameak sarri esaten zuen: “Zenbat geratuko ote dira bizirik?”. Gurasoek Parra taberna zuten eta eraikin berean bizi ginen. Etxeko goiko jangela UHP-ren [Uníos Hermanos Proletarios] batailoiak ofizina moduan hartu zuen. Beheko jangela txikia komunikaziorako gela moduan erabili zen. Errefuxiatuak ere hartu genituen.
Nongo errefuxiatuak ziren?
Otxandioko familia bat dut gogoan. Aita, ama eta neskatila bat. Ez zuten berbarik egiten. Isilik eta logelatik irten barik egoten ziren. Gure amak esaten zuen: “Baina zer gertatu ote zaie horrela egoteko?”. Halako batean kontatu ziguten bonbardaketa bat izan zutela. Guk orduan ez genekien Otxandio bonbardatu zutela, ezta bonba bat zer zen ere. Ostean ondo ikasi genuen, bai!
Bonbardaketa nagusiaren aurretik beste txikiago batzuk ere izan ziren, ezta?
Bai, batzuetan hegazkinak etortzen ziren, talde txikitan. Beti ez zituzten bonbak botatzen; batzuetan, metrailadoreekin egiten zuten tiro. Bergaratik Intxortarantz botatako kanoikadak ere heltzen ziren. Hegazkinak zetozenean, lehenengotan agur egiten genien, pozik, ez genekielako zertan zetozen. Gurasoek errieta egiten ziguten. “Plazatik ez aldendu”, agintzen ziguten etxean. Plazan olgetan ibiltzen ginen eta, bat-batean, su kanpaiak! Abisuak ziren eta denok elizako kanpandorrera joaten ginen korrika. Ondo ikasita geneukan. Elizako izkina batean zakuekin egindako horma bat zegoen eginda, pasillo bategaz. Korupea ere zakuz beteta zegoen, txabola bat izango balitz moduan. Zenbat zaku!
Etxearen alboan zeneukaten eliza.
Bai, gertu geneukan. Kanpaiek ortuan harrapatzen bagintuzten, artotzan eta arbola azpian ezkutatzen ginen. Horixe zen irakatsi ziguten lehenengo gauzetako bat: lurrera bota, etzan eta geldirik! Edonon geundela ere. Behin hegazkin bi etorri ziren eta bidean harrapatu ninduten. Bonba baten zarataren ondorioz, belarritik odoletan hasi nintzen. Hori ez zait sekula osatu. Oraindik ere iturri bat zabalik balego moduan entzuten dut belarri batetik. Ohitu arte, urte askoan, kosta egin zitzaidan lo hartzea. Beste behin, kanoikada bat plazara heldu zen. Etxe baten hegala jo eta metraila-zatiak gure tabernaraino heldu ziren. Sabai osoa erori zitzaigun.
1937ko martxoaren 31. Zelan gogoratzen duzu bonbardaketa nagusia?
Hura izan zen izatekoa! 07:00 inguruan kanpaiak jotzen hasi ziren. Sekula ez ziren hain goiz etorri hegazkinak. Mundu guztia kalera irten zen, etxeko arropekin, galtzontzillotan, kamisoekin, mantekin… Elizako babeslekura joan ginen, baina, ezer ez. Etxera itzuli, gosaldu eta ohera joan nintzen. 09:00etan, berriro kanpaiak. Berriro elizara. Santa Anako komentuaren ondoko txabola txikituta geratu zen. Bonba su-eragileak ziren eta usaina kanpandorrera heldu zen. Ezin arnasarik hartu, beroa, zalaparta… Esan zitekeen bertan hilko ginela denok. Itzela izan zen. Elizatik irten ginen eta plaza jendez beteta zegoen; odola, zaurituak, zalaparta, jendea negarrez… Hori ez da ahazten, ez da ahazten. Gure etxea zikinduta zegoen. Halako batean, beste abioi bat edo bi, 12:00 aldera. Paperak bota zituzten. Hau jartzen zuen paperetan: Rendíos elorrianos. Si no os rendís moriréis bajo los escombros de vuestras casas. 15:00etan itzuliko ei ziren.
Zer egin zenuten hori irakurtzean?
Bertan hil behar gintuztela pentsatu nuen. Herriko jende guztia desagertu egin zen. Tabernan mugimendu handia zegoen, amak ez zuen kasu egiteko astirik; 15:00ak bertan zeudela iruditzen zitzaidan eta, ezer esan barik, lau eta zortzi urteko neba-arrebak hartu eta amamanera joatea erabaki nuen. Abiatu ginen, eta bide erdian konturatu nintzen ezin ginela hara joan. Argiñetara joan ginen. Ez zegoen inor. Klara izeneko neska bat agertu zen. “Zer egiten duzue hemen?”. Eta nik: “Hil egin behar gaituzte arratsaldean”. Gero, miliziano bat etorri zen. Han ezin ginela geratu zioen. Nik sasi artean ezkutatzea pentsatuta neukan. “Aitzur bat bagenu!”, esan zuen milizianoak. Klarak bazeukan bat, eta bila joan zen. Aitzurragaz zanga bat egin zuten, eta hantxe babestu ginen. Gu denbora osoan negarrez. “Sartu hemen, eta 15:00ak direnean ezta mugitu ere!” agindu ziguten. Bonbaz betetako abioi handiak etorri ziren, eta abioi bakoitzaren gainean hiru ehiza-hegazkin. Abioi asko Durangorantz joan ziren eta beste batzuk Elorrion geratu ziren. “Paperak botatzen dabiltza”, esan zuen ahizpak. Baina ez ziren paperak. Sua, kea, zikina... Zenbat bonba! Dena ikusi genuen. Oroitzapen horiek betiko dira.
Eta ondoren?
Berriro elkartu ginenean, Igurian izekoren etxera eraman gintuen aitak. Amak burkoaren zorroan batu zizkigun arropak. Bakoitzak berea hartu eta hantxe joan ginen. Gaur egun telebistan errefuxiatuak edo pateretan heltzen direnak ikustean, gu hala ibili ginela akordatzen naiz. Hilabete eman genuen han.
Oroitzapen gogorrak…
Bai, benetan ere! Frankisten mehatxuaren papera, Rendíos zioena, gordeta izan nuen urte askoan, baina galdu egin zen. Hainbat dokumentu gorde ditut, hala ere. Bondardaketan Elorrioko alkatea zen Ariñoren lobak behin eman zidana [beheko irudian], esaterako. Gerra Zibilaren ostean, Elorrion jarri zuten alkate frankistak eta beste batzuek herriko hiru familia salatu zituzten: Ariño, Ugarte eta Fuldain. Gerraren erru osoa leporatzen zieten. Hori idatzi egin behar da gero! Epaileak arrazoi eman zien eta herritik bota zituzten.