Martxoak 8

“Ahalduntze prozesuetan arteak lagundu dezakeen moduez hausnartu gura dut”

Aitziber Basauri 2018ko mar. 6a, 16:45

‘Entre Fridas y Chavelas’ erakusketa zabalduko dute gaur, Elorrion. Mirian Rodriguezek lehenengoz erakutsiko du bere lana Euskal Herrian eta oso pozik dago emandako aukeragaz. Ahalduntzerako bitarteko oso ona da artea duela bi hilabete Abadiñon bizi den asturiarrarentzat.

Zer ikusi daiteke erakusketan?
Azalpenezko proiektu dokumentala da Entre Fridas y Chavelas. 30 pinturek osatzen dute. Batez ere, hainbat formatu eta estilotan landutako akrilikoak dira. Gehienbat erretratuak. Testu laburrak era jaso ditut, galderak gehienbat, baina Frida Kalho eta Chavela Vargasen esaldiak ere badaude; baita artista bien testu interesgarri batzuk ere. Proiektuak ikus-entzunezko muntaia bat eta musika ere batzen ditu.

Zer islatu gura duzu?
Hausnarketarako, elkarrizketarako espazio bat izan gura du erakusketak. Sokak marratzen dituen puntu batean sortzen da, eta gorabeheradun soka horiek obra guztia lotuko dute. Obraren batasuna ez ezik, sokek ibilbide, elkarrizketa edo ikuspuntu posibleen sinbolo izan gura dute. Neure buruari egindako galdera batetik abiatzen da erakusketa: “Eta emakume artista handiak?” Pinturari lotuta, zaila egiten zitzaidan emakume izenak aurkitzea. Gizonenak zetozkidan. Entre Fridas y Chavelas erakusketak aukera ematen du emakume artistek historian izandako lekuaz hausnarketa egiteko, beraien arteaz, beraien zailtasunez, hartutako jarrerez...

Nola sortutako egitasmoa da?
Musika eta plastika fusionatzeko nuen interes batetik sortua da, esperientzia estetiko desberdin bat sortzeko nahi horretatik. 2015ean murgildu nintzen proiektuan. Orduan, berdintasunean hezteko zenbait proiektutan lan egiteko aukera ere izan nuen, eta artea eta ahalduntzea ikertzen hasi nintzen: nola lagundu dezakeen arteak emakumeen ahalduntze prozesuan, arlo pertsonalean zein kolektiboan, sozialean. Horrek hasierako proiektua eraldatu zuen.  

Kalho eta Vargas, genero rolak apurtu zituzten andrak izan ziren biak.
Guztiz! Asko interesatzen zitzaidan Frida Kalho, ez bakarrik bere pinturagatik; egin zuen guztiagatik eta dekonstruitu zuen guztiagatik. Leku esanguratsua lortu zuen espazio artistikoan. Eta Chavela Vargas, nola ez! Gizonen moduan abestu, erre, edan.. zuena. Estereotipo guztiak apurtu zituen.

Hitzaldia ere eskainiko duzu erakusketari hasiera emateko. Zein izango da abiapuntua?
Aurretik aipatutako galdera: “Eta emakume artista handiak?” Hala ere, hitzaldi irekia izatea gura dut. Askotariko ikuspuntu edo ideiak sortzea. Frida Kalhogaz lotuta, artea eta gaixotasunaren gainditzea izan daiteke, edo beste bat. Berdin Chavela Vargasegaz. Emakume artistek azaleratzeko izan dituzten trabak aztertu gura nituzke; era berean, arteak gaur egun zeintzuk bitarteko eskaini ditzakeen azalaratzeko, ahalduntzeko. Ahalduntze prozesuetan arteak lagundu dezakeen moduez hausnartu gura dut, eta sortze prozesuak eskaintzen dituen bitartekoez ere bai.

Isildu egin da andra artisten lana?
Bai, faktore pilo batek eraginda. Pinturan, esaterako, gogora datozkidan gizonak erraz jardun dira horretan. Andrak, ez. Urrun joan gabe, XIX. mende hasieran zail zuten eskolaratzea, pintura ogibide lez hartzea... Gauzak aldatuz doaz, baina egitura zaharrek maneiatutako gizartean bizi gara, eta orain ere ez da erraza leku bat izatea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!