"Atzo barraka batetik eroritako neskatoa etxean da kolpe eta zauri arin batzuk besterik ez baitzizkioten atzeman medikuek". Informazio hori helarazi du Elorrioko Udalak prentsa ohar bidez hedabideetara.
Arratsaldeko 20:00ak aldera 'Matxinsaltoa’ izeneko barrakan zebilen neskatoari euskarria askatu eta erori egin zela aurreratu du udalak. Idoia Buruaga alkatea bertan zela, "berehala" deitu zioten anbulantziari neskatoa arta zezaten eta Udaltzaingoari deitu zioten barraka ixteko.
Neskatoa artatu eta gero, medikuek etxera itzultzeko baimena eman zioten neskatoari "kolpe eta zauri arinak soilik zituelako".
Udalak enpresa bat kontratatu du barraka horretan zerk huts egin zuen aztertu dezan. Teknikariek egindako txostenaren arabera udalak erabakiko du barraka zabaltzea edo balizko akatsak konpondu arte zarratuta mantentzea.