Martxoak 31

Bonbardaketaren "trauma kolektiboa" sendatzeko, memoria aldarrikatu dute Elorrion

Joseba Derteano 2017ko api. 1a, 18:02

Atzoko ekitaldiko irudia.

Bonbardaketak eta haren ondorioek gaur egunera arte luzatu duten “trauma kolektiboari” aurre egiteko sendagaia “memoria” dela aldarrikatu zuten.

Elorrioko bonbardaketa ikertzeko herrian sortu den taldeak, udalak eta Arriolak elkarlanean antolatutako ekitaldiagaz Elorrioko bonbardaketaren 80. urteurrena gogoratu zuten atzo. Plaza jendez bete zen ekitaldia bertatik bertara jarraitzeko.

Libe Mimenza izan zen aurkezlea. Bonbardaketa egunean bizitako “izua eta terrorea” hurrengo belaunaldiek ulertarazteko modua “lekukotzak” direla adierazi zuen.”Zauri kolektibo baten traumari” aurre egiteko memoria aldarrikatu zuen. “Memoria ez digutelako domestikatuko, gure historia ez dutelako erraustuko. Iraganak dakar oraina, eta hauxe da geroaren bezpera: duela 80 urte bonbaz txikitu gintuzten, baina gaur ez dute zulo zirrikitu bat ere irekiko gure memorian. Memoria zor diegu. Eurei. Geuri”.

Eneko Abasolo 'Abarkas'-en bertsoekin eta musika eskolako ikasleen abestiekin jarraitu zuen ekitaldiak. Idoia Buruaga Elorrioko alkatearen berben ondoren, Karmele Ganboak eta Haritz Luzarrek bonbardaketa bizi izan zutenen testigantzak irakurri zituzten. Jarraian Elorrioko memoria historikoan sakontzeko sortu duten taldeko Jesus Aristegik orain arte egindako lana azaldu zuen. Kimetz Zenitagoiak eskainitako abesti batekin amaitu zuten ekitaldia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!