2017an herri galdeketa egitea aurreikusi du Elorrioko Gure Esku Dagok

Anboto 2016ko ots. 17a, 10:50
Joste Eguna, iaz, Elorrion.

Elorrioko eragile eta alderdi politikoekin batzarrak egiten ibili da azken hileotan Elorrioko Gure Esku Dago, eta lanketa horretatik, datozen hiru urtetan herrian zer egin gura duten definitu dute. Plan bat eratu dute, eta haren arabera, 2017an herri galdeketa egitea da asmoa, eta berau antolatzeko batzorde anitz bat sortzea. Horren aurretik lan handia egin beharko dela eta jende askoren ekarpena beharko dela azaldu dute taldeko kideek.

Elorrioko Gure Esku Dagotik azaldu dutenez, uda ostetik ibili dira hurrengo urteetarako plana definitzen. 2017ko bozketaren aurretik zer bide jarraituko duten pentsatu dute.

Aurten, kriseiluen gaua antolatu gura dute martxoaren 11rako, eta asteburu honetan eta hurrengoan izango dira kalean, ekitaldiaren berri ematen eta kriseiluak saltzen. Apirilaren 23an jai berezia egingo dutela azaldu du taldeko Ima Eguenek: "Iaz joste eguna San Marko egunean izan zen, eta egun hori guretzat hartzea pentsatu dugu". Jai horretan, besteak beste, bozketa sinboliko bat egingo dute. Galdera zein izango den oraindik ez dakite, baina erabakitzeko eskubidea praktikan ipintzea da kontua: "Ariketa hori egin gura dugu, onartzeko galdetzeko eskubidea daukagula, eta baita bakoitzak nahi duena erantzuteko eskubidea ere".

Kalera begirako ekintzak egiteaz gain, politikariekin eta elkarteekin batzartzen jarraituko dute, "batzen gaituzten oinarriak topatzeko" eta oinarri horiekin adierazpen bat sortzeko. Udaletxeko talde guztiek aho batez onartzeko moduko testu bat izatea gura dute. Behin babes hori jasota, 2017an egingo da herri galdeketa. Horretarako, batzorde bat eratuko dela aurreratu dute: "Herri galdeketa zelan egin eta zer galdetu prestatuko du batzordeak". Batzorde hori anitza izatea garrantzitsua izango dela azaldu dute. Elorrion eta beste herri batzutan erabakitzeko eskubidea gauzatzeko asmoa dute, 2018an Gure Esku Dagok nazio mailan egingo gura duen galdeketaren aurretik.

Taldea, osasuntsu
"Osasuntsu eta martxa onean" dabiltza Elorrioko Gure Esku Dago taldeko kideak. Horrela azaldu du Ima Eguen taldekideak. Elorriar askogaz batu dira azken hileotan, eta "harrera oso ona" izan dute politikariengandik eta elkarteengandik: "Iazko joste egunean egon zen jendetza ez da kasualitatea; eztabaida sano eta naturala sortzen dabil herrian". Eguenen ustez, "herritar askoren zintzotasuna batu da" euren proposemenen inguruan, eta horrek eman die indarra herri galdeketaren erronkari heltzeko.

Bazkideak
Prozesuari laguntza ekonomikoa emateko bazkide bila dabil Gure Esku Dago. Webgunearen bidez, helbide honetan egin daiteke bazkidetza. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!