Aspalditik datorren egitasmoa da autokarabanen gunearena. Aurreko legealdian aho batez onartu zuen udalak, eta orain martxan ipiniko dute. Turistei begira sortutako ideia da batez ere. San Jose kalean egokituko dute, errugbi zelaiaren inguruetan beraz. 11 plaza edukiko ditu, bakoitza 40 metro karratukoa. Ura eta argia izango dituzte eskura erabiltzaileek, eta Wi-Fia ere ipintzea aztertzen dabiltza. Hiru espaziotan banatuko da gunea: aparkatu eta gaua igarotzekoa, itxaron gunea eta ur zikinak botatzekoa. Horrez gainera, kale hori urbanizatuko dute, eta bertan dagoen etxe blokerako zerbitzuak hobetu ere bai.
Hauek izango dira uda aurretik garatuko dituzten 18 neurriak:
- Udaletxeko atzeko lursaila behin-behinean zabaltzea, herritarrei erabileraz galdetuta
- Berriotxoa kaleko sarbidea kontrolatzea, matrikulak zainduko dituen sistema bategaz
- AHTaren inguruko aholkularitza juridikoa eta jarraipen batzordea hastea
- Liburutegian Wi-Fia ipintzea
- Kirol etxean erabilera anitzeko gela atontzea
- Emakume taldeen diru-laguntzen koordinazioa hobetzea
- Hezkidetza mahaia indartzea
- Emakume Eskola indartzea
- Eleizalde futbol zelaiko soropila aldatzea
- Udako igerilekuen mantenurako protokoloa
- Rokodromoa erabiltzeko hitzarmena elkarteagaz
- Kirol mahaia osatu (martxan dago ja)
- Turismorako webgunea sortu edo udalekoan atal propio bat sortu
- Autokarabanen gunea ezartzea
- Elurra egiten duenerako protokoloa
- Auzoetako bide garbiketen protokoloa
- Atzerritarrentzako harrera protokoloa
- Progresibitatea ezartzea zerga eta diru-laguntzetan