Herritarrekin landutako ehun neurri batu dituzte Elorrion, gobernu planean

Anboto 2015ko abe. 21a, 16:21

Xabier Dominguez, Jon Ander Gracia eta Idoia Buruaga, gaur goizean egin duten aurkezpen prentsaurrekoan.

Udaletxeko langileekin batzartu eta gero eta herritarrekin egindako parte hartze prozesuaren ostean, datozen lau urteetan udaleko jardunaren "bizkarrezurra" izango diren neurrien berri eman du Elorrioko gobernu taldeak.

Idoia Buruaga alkateak, Xabier Dominguez alkateordeak eta Jon Ander Gracia zinegotziak aurkeztu dute gobernu plana. Pasa den astean udal langileei eta herritarrei egin zizkieten aurkezpenak, eta asteon, etxez etxe banatuko dute informazioa, aldizkari formatuan.

Ekainetik ibili dira gobernu planari bueltak ematen, eta urriaren amaieran hasi zuten parte-hartze prozesua. Bide horretan udal langileek zeresana izan dutela azaldu dute hiru udal arduradunek. Udaleko argazki orokorra egiten lagundu diete langileek, eta lau urterako plana pentsatzerakoan baliotsua izan da euren iritzia, herriko pertsona eta elkarteenarekin batera: "Alkate onena herria bera da, eta argi genuen guk bakarrik ezin genuela plana garatu", azaldu du Buruaga alkateak.

Ahalik eta plan zabalena egiten saiatu direla esan du Jon Ander Garciak, eta batzarretako ekarpenekin osotu duten zerrenda ez dela "inprobisatua": "Plangintza modu neurgarri baten egitea ezinbestekoa iruditu zaigu, horrela neurriei epe-mugak ipini, eta herritarrek kontrolatu ahal izateko zer egin den eta zer ez". Lau urtetan garatzeko neurriak direnez, legegintzaldian zehar, zeri ekingo dieten komunikatuko dutela azaldu dute.  Xabier Dominguezek gaineratu du gobernu plana ez dela "burdinezko bizkarhezur bat"; bidean neurri gehiago eta aukera gehiago sortu daitezkeela azaldu du.

Lehen neurrien berri, urtarrilean

Momentu honetan, 2016ko udal aurrekontuak lantzen dabiltza Elorrioko Udalean, eta adierazi dutenez, abenduaren 30eko osoko bilkuran onartu gura dituzte aurrekontuak: "aho bateko adostasuna lortu guran gabiltza", azaldu dute. Behin aurrekontuak onartuta, urtarrilean emango dute gobernuko planetik martxan jartzen hasiko diren lehen neurrien berri. Parte hartze prozesuan oposizioko alderdiek ere parte hartu dutela eta, pozik azaldu da Idoia Buruaga: "Eskertzeko gauza da. Bide horretan bagoaz, Elorriok eta elorriarrek asko irabazi egingo dute". Herritarren partaidetza handitzea gura dute gobernu taldeko kideek, eta azken helburua Herritarren Kontseilua sortzea dela azaldu dute, herriaren garapenari buruzko organo orokorra.

Neurrietako batzuk

Hona hemen gobernu planean sartu dituzten ehun neurrietako batzuk:

- Gizarte zerbitzuen berrantolaketa, besteak beste, prebentzioan eragiteko helburuagaz

- Elorrion Eguneko Zentro bat irekitzeko aukera aztertzea

- Hirigintzan, Aldapebeitia jauregiko konponketak amaitzea, eta partaidetza prozesu baten bidez erabilera herritarrek erabakitzea.

- Belengua kalean urbanizazio lanak egitea. Eskolarako bidea izanik, konponketak behar dituen kalea da.

- Herri-galdeketak antolatzeko ordenantza sortzea.

- Kultura arloan elkarteen gida egitea, herrian egiten den lana ezagutarazteko.

- Ikasleentzat, 24 orduz ikasteko ikasketa-gunea sortzea.

- Kirol azpiegiturak mantentzeko protokolo bat eratzea.

- Auzo azpiegituren diagnostikoa eta inbertsio plana egitea eta auzo kontseilua indartzea.

- Turismo kontseilua sortu eta autokarabanentzat eta furgonetentzat gunea atontzea.

 

 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!