Hernández mundutarra dela erakutsi du Orts-ek Elorrion

Anboto 2015ko aza. 9a, 10:23

Espainiako Kopako lehenengo hiru lasterketak irabazi ostean Aitor Hernándezek menderaezina zirudien, baina Felipe Ortsek erakustaldia eskainiz menderatu zuen atzo Elorrion.

Espainiako Kopa erdibidera heldu zen atzo Elorrion. Proba biko asteburua izan da. Zapatuan Aitor Hernández (Specialized-Ermua Impulso) nagusitu zen Amezagan eta Elorriorako ere bera zen faborito, baina Felipe Orts valentziarra (Renault-Ginestar) gehiago izan zen. Menderaezina zirudien Hernández hezur-haragizkoa eta mundutarra dela erakutsi zuen.

Azaroan ohiko ez den beroagaz lehiatu zuten lasterketa. Orts eta Ismael Esteban indartsu irten ziren. Probaren erdian Orts bakarrik geratu zen aurrean. Azken txanpan Hernándezek Esteban gainditu zuen. Horrela, lasterketan bigarren sailkatu zen eta elite mailan lehenengo, Orts 23 urtez azpikoan aritu zelako. Helmugan 30 segundo izan ziren bi onenen artean. 

Gizonetan Aitor Hernández, Ismael Esteban eta Javier Ruiz de Larrinagak osatu zuten elite mailako podiuma. 23 urtez azpikoan azpimarratu beharra dago Jon Munitxa abadiñarraren (Eiser-Inforlur) hirugarren postua (15. sailkapen orokorrean).

Emakumeen elite mailan Aida Nuñok (MMR CX Team) goitik behera agindu zuen eta ia minutu bi atera zizkion Olatz Odriozolari (Bizikleta.com).

Mutilen juniorretan Ivan Feijook denboraldiko bigarren garaipena  lortu zuen eta Kopako lidertza kendu zion hirugarren amaitu zuen Jokin Alberdiri. Maila berean eta nesketan Irene Trabazok aurreikuspenak bete zituen garaipena eskuratuta.

Kadeteetan Saul Calzada eta Saioa Gil izan ziren onenak. Nesketan podiumaren atarian geratu zen CAF Transport Engineering taldeko Andere Basterra.

Elorriokoa urri-azaro bitartean Durangaldean izango diren lau hitzorduetatik bigarrena izan zen. Datorren asteburuan Zornotzako ziklo kros proba lehiatuko dute.

 

SALKAPENAK

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!