Hasi zen lekura bueltatuko da Ghetto taldea, agur esatera

Anboto 2015ko eka. 11a, 11:30

Mikel Azkarate-Askasua saxofonistak taldea uzteak ekarri du erabakia. Azkarate-Askasuaren agurraren ostean, Ghetto taldeko Elorrioko eta Atxondoko beste lau kideek ere taldea uztea pentsatu dute. Hala ere, lau horiek elkarrekin beste proiektu bati ekin gura diote. Ghetto taldearen azken kontzertua izango da, beraz, Elorrioko barikukoa. 2007an lehenengo kontzertua eskaini zuen lekuan, Elorrioko Ateneoan joko dute ghettotarrek, bihar, 22:00etatik aurrera, doako sarrera edukiko duen emanaldian.

Zortzi urteotan, hiru baxu-jotzaile ibili dira Ghetto taldean. Aldaketak gertatu arren, 2007. urtetik gaur arte aurrera egin du taldeak. Hiru disko kaleratu ditu urte hauetan –Erolution izenagaz iaz kaleratu zuena da azkena–, hainbat kontzertu eskaini ditu han-hemen, eta hainbat ekimen berezitan parte hartu izan du. Durangoko Azokan, esaterako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat prestaturiko zuzeneko emanaldi bat aurkeztu zuten.

Baina, Azkarate-Askasua saxofonistaren agurragaz, Ghettoren aroa amaitutzat ematea erabaki dute taldekideek: “Saxofoiak nortasuna eman dio Ghettori, hasieratik izan da proiektuaren parte, eta erabaki dugu ez dugula hasi nahi beste saxofoi-jotzaile bategaz”, azaldu du Unai Abaunza taldekideak.

Azken hilabeteetan ohi baino gutxiago ibili dira zuzenean. Abadiñoko sanblasetan jo dute azken kontzertua, eta ordutik hona gaurko despedida prestatzea izan dute helburu nagusi.  

Inoizko emanaldirik luzeena eskainiko du Ghettok, bihar: “Gure ibilbidea errepasatu gura dugu: lehenengo kontzertuan jo genituen pare bat kanta, bertsioak, kolaborazioak, kanta instrumentalen bat... Urteotan jarraitu gaituztenekin agur berezi bat partekatu gura dugu”, azaldu du Abaunzak.

Barikuko kontzertua eta gero “beste fase bati” ekingo diote Ghetton elkarregaz ibili diren beste lau musikariek: “Ez dakigu zer izenegaz ibiliko garen, ezta aurrerantzean zer musika estilo jorratuko dugun ere, baina gogotsu gaude beste bide batzuetatik abiatzeko”. Elkarregaz musika egiten jarraitzeko asmoa daukate Josu Abaunzak, Mikel Urrestik, Unai Abaunzak eta Iñaki Urrestik, nahiz eta aitortu duten, “momentuz, apur bat airean dagoela dena”.

Duela zortzi urte Ateneoan eman zuten lehenengo kontzertuan bezala, grabatu egingo dute biharko kontzertua ere. Ghettoren “zikloa ixteko” ideiagaz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!