Moreno, Herrero eta Ugarrizaren aurkako epaiketa sententziaren zain geratu da

Anboto 2015ko eka. 10a, 10:36

2010eko udalbatzar batean PSE-EEko Mari Carmen Muñozi faxista deitzea egozten diete Josu Herrero eta Rita Ugarrizari, eta orduko alkate Niko Morenori egoera ez sahiestea leporatzen diote. Zigor eskaerak mantendu dituzte akusazioak eta fiskalak: lau urteko kartzela Herrero eta Ugarrizarentat eta bi urtekoa Morenorentzat.

Adur Aristegiren atxiloketaren harira, mozio bat eztabaidatzen zebiltzan 2010eko martxoan. Herritar ugari bertaratu ziren, eta horien partetik faxista deitu ziotela eta iraindu egin zutela salatu zuen Mari Carmen Muñozek. Salaketaren arabera, Josu Herrero eta Rita Ugarriza ziren horietako bi.

Epaiketa aurtengo otsailean hasi zen, baina atzeratu egin zuten azken orduan akusazioak grabazio bat aurkeztu zuelako. Atzo burutu zen epaiketa, eta dagoeneko sententziaren zain geratu da. Niko Morenok azaldu du euren abokatuek absoluzioa eskatu zutela. Bere arabera, Muñozen interbentzioa ez zela eten igartzen da grabazioan, eta Ugarrizaren ahotsik ez da agertzen. Herreroren kasuan, "hitzartze lasaia" egin zuela dio Morenok. Grabazioaz aparte, udal idazkariak, udaltzain batek eta Mari Carmen Muñozek berak deklaratu zuten epaiketan.

Kartzela zigorrak mantendu dituzte akusazioak eta fiskalak. Morenok kontatu duenez, sententziaren bat egonez gero zigorra leuntzea eskatu zuen defentsak, epaiketa bost urte beranduago egin dela kontuan hartuta. Alde guztiek onartu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!