Moreno, Herrero eta Ugarrizaren aurkako epaiketa atzeratu dute

Anboto 2015ko ots. 3a, 14:06

2010eko martxoan, inkomunikazioaren eta torturaren kontrako mozio bat eztabaidatu zen Elorrioko udalbatzarrean, Adur Aristegi elorriarraren atxiloketaren harira. PSE-EEko Mari Carmen Muñoz zinegotzi ohiari publikotik "faxista" deitu izana leporatzen diete Josu Herrero eta Rita Ugarrizari, eta alkate izanda egoera hori sahiesteko ezer ez egitea egozten diote Niko Morenori.

Gaur hasi da epaiketa Bilbon, baina akusazioak egun hartako grabazio bat aurkeztu du azken orduan, eta defentsak atzerapena eskatu du horregatik. Epaileak onartuta, egun batzuetan ez da beste saiorik egingo. Fiskalak urte biko kartzela zigorra eskatu du Morenorentzat, eta lau urtekoa Herrero zein Ugarrizarentzat, aginteari atentatua egitea egotzita.

Sortuko Bizkaiko arlo instituzionaleko arduraduna da gaur egun Moreno, eta Elorrioko koordinatzailea Herrero. Alderdiak kontzentrazioa egin du epaitegiaren atarian, Konponbide garaia da, Jazarpen politikorik ez lemapean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!