Eztabaida sortu da kiroldegiko prezio eta hobarien harira

Anboto 2014ko urt. 24a, 09:00
Elorrioko Kiroldegia
Kiroldegiko prezio eta hobariek zeresana ematen jarraitzen dute. Bilduk kritika gogorra egin dio EAJren gobernu taldeari; prezioen igoerak onartezinak direla adierazi dio, eta hobariak ezartzean legez kanpoko aldaketa egin dutela ere bai.

 

Koalizioak argitara atera du herriko kirol elkarteei deskontua eskaini zaiela, eta, horren ostean, hainbat herritarrek elkarteetan izena eman dutela, hobariaz aprobetxatzeko. “Diru sarrera gutxiago izango dutela konturatu direnean, baldintzak  gogortu dituzte”. Elkarteetako bazkideen erdiak eskatu behar du laguntza, edo bestela hogeiko taldeetan aurkeztu. 

Edu de La Cruz Erdella mendi taldeko kidearen arabera, 60 lagunek eman dute izena. Udalak txarto jokatu duela dio. “Ez digute galdetu”. Hasieran izena eta NA hartu zieten bazkide berriei, baina gero taldeka fitxak betetzeko gestioa egin behar izan dute. Beharra pilatu zaie: “Hori guretzako sekulako lana da”. Beste elkarte batzuk ere iritzi berekoak ei dira.

Joseba Mujika alkateordearen ustez, Bildu gezurretan dabil, eta eztabaida apropos bilatu du: “Nahasmena sortu gura dute, etekin politikoa ateratzeko”. Mujikak azaldu du prezio batzuk igo direla, baina “beste batzuk asko bajatu”. Adibide lez ipini du abonu integratu bategaz merkatu egin direla, eta esan du Durangon baino askoz merkeagoak direla. Adierazi du lehenengoz eskaintzen zaiela hobaria elkarteei, eta elkarteek betidanik izan duten eskaera dela. Azpimarratu du ez dituztela baldintzak aldatu, ordenantzan era orokor batean zehazten dela, eta gero kiroldegiko gerentziak proposatzen duela zehaztapena.

Iñaki Olaetxea kiroldegiko langileak esan du euren asmoa prezio politika zentzuduna ezartzea izan dela, aurrekoak ez ei zirelako “logikoak”. 

Prezio berriekin bazkide kopurua igo egin da, 764tik 1.217ra. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!