Kiroldegiko prezioen inguruko polemika

Anboto 2013ko ira. 20a, 12:09
Herrian eztabaida sortu da kiroldegirako kuota integralen inguruan; Mujikak ezeztatu egin du

 

Azken egunetan eztabaida sortu da herrian kiroldegiko prezio berrien inguruan. Kartel anonimoak agertu dira, udalak ustez egingo lukeen moldaketa baten harira. Kritika horren arabera, igerilekua eta gimnasioa erabiltzeko kuota bakarra ezarriko litzateke. Horrek, igerilekuak bakarrik erabiltzen dituzten herritarrentzako prezio igoera ekarriko luke. Bada, Joseba Mujika alkateordeak (EAJ) salaketa ezeztatu du. Esan du kuota integrala eskainiko dutela, baina zerbitzuak era isolatuan ordaintzeko aukera ere egongo dela.

 

Hori da, behintzat, gobernu taldearen asmoa, Mujikak azaldu duenez. Izan ere, oraindik ez dago erabakita. Prezio publikoen tarifa berriak aztertzen dabiltza, baina proposamena zehaztean kirol batzordetik eta udalbatzatik pasatu beharko da onartua izateko.

 

Bestelako bertsioa

Kiroldegian esan dute oraindik ez dakitela zer tarifa egongo den. Baina, antza denez, kuota bakar edo integrala ezarri gura zen hasieran, eta hainbat erabiltzailek egindako kexen ondorioz, berriro prezioak aztertzen dabiltza.

 

Bilduko Idoia Buruaga zinegotziak hari horretatik egin du berba. “Azken momentuan herritarren haserrea ikusi dutenean, aldatzea erabaki dute”. Batzordean landu zela esan du, eta EAJk kuota integrala aurkeztu zuela, alternatiba barik. “Ez genuen tarifa horien alde egin, ez gaudelako ados”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!