Kiroldegiko tarifa berriak onartu dituzte

Anboto 2013ko ira. 26a, 11:52
EAJ eta PPren aldeko botoekin onartu dituzte ez ohiko osoko bilkuran. Tartean sartu dute gimnasioa eta igerilekua erabiltzeko abonu integratua, eta igerilekuko abonatu soila ere egin ahalko da. Bilduk prozedura txarto eroan izana kritikatu du

 

Sartu dute dagoeneko gimnasioa eta igerilekua erabiltzeko abonu integratua kiroldegiko tarifa berrietan. Udal ordezkariek azaldu dutenez, kiroldegiko erabiltzaileen "eskaera historikoa" izan da abonu integratua. 175 euro balioko du norbanakoen abonuak eta 324 familiarrak. Igerilekuko abonoak orain arteko moduan  jarraituko du, eta urtarrilean KPI igoko zaie prezioei.

 
Horrez gainera, ikastaroen prezioak aldatu dituzte. Joseba Mujika alkateordeak azaldu duenez, “denetariko prezioak egon dira, eta monitoreen kostua berdina zenez, homogenizatzea izan da asmoa”. Uretako ikastaro guztiek eta lurreko ikastaro guztiek prezio bera izango dute. Uretako ikastaroetan deskontua izateko igerilekuetako abonatua izan behar da, eta lurreko ikastaroetarako, berriz, abonatu integrala.

 

Kirol taldeentzako, langabetuentzako eta enpresa eta elkarteetatik datozentzako deskontuak egongo dira. % 50etik gorako ezintasuna duten herritarrek ere % 50eko hobaria izango dute. Datorren astean hasiko dira ikastaroak.

 
Eztabaida osoko bilkuran

Ez ohiko osoko bilkuran onartu dituzte tarifa berriak, EAJ eta PPren aldeko botoekin. Plenoa hasieran, Bilduk batzarra bertan behera uztea proposatu du, “neurriak hobeto aztertzeko”. Gaia lantzeko prozedura txarto eroan dela kritikatu du Bilduk.

 
Abonu integratuaren ideiagaz pozik agertu dira koalizioko kideak, baina ikastaro batzuen prezioa larregi garestitu dela uste dute: “Abonatu bako adinekoentzat mantenu gimnasiaren prezioa ia hirukoiztu egin da -hilean 7 eurotik 20ra-, eta aerobikekoa ia bikoiztu”. Hobari batzuen falta ere somatu dute, tartean, gurasoekin bizi diren 18 urtetik gorako ikasleentzakoa: “Ez dira familiako abonuetan sartzen, baina ez daukate diru sarrerarik”. 

 
PPko Carlos Garcia pozik agertu da erabakiekin, eta herritarren parte hartzea bermatu dela nabarmendu du. Bilduko Idoia Buruagak erantzun dio ez dela parte hartzerik egon: “Jendeak kanpotik izan du informazioa, eta horregatik ipini zituzten kartelak, izututa”. Abonatu integratua bakarrik egongo zela zioten kartelen gainean esan du hori.

 
Gimnasio handiagoa

Udan hainbat obra egin dituzte Elorrioko kiroldegian: sarrera berria ipini dute eta gimnasioa handitu eta makina guztiak berriztu dituzte. Igerilekuan aire instalazioa berriztu dute eta erabilera anitzeko areto bat sortu dute. Lanok  204.000 euroko kostua izan dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!