Alkatearen kalitatezko botuagatik onartu dute osoko bilkuran EAJk aurkeztutako testu alternatiboa. Herrirak Ima Berriozabal preso elorriarraren osasun egoera dela eta aurkeztu du mozioa, \'giza eskubideak babestea eta Espainiako legea betearaztea\' eskatzeko. EAJk, PPk, eta PSE-EEk indarkeriari buruz ezer ez ipintzea kritikatu dute.
Elorrioko Herrira mugimenduko kideek mozioan zinegotzi gehienek onartzeko moduko proposamenak idatzi gura izan dituztela azaldu dute: "Helburua giza eskubideak babestea eta legea inolako interesik barik betearaztea da". Testuko eskakizunen artean, honakoak egon dira: Ima Berriozabal libre uzteko eskatzea "haren osasun egoeran erabat eramangaitza baita espetxe barruan egotea"; bere egoeraren jarraipena egitea eta Arartekoaren inplikizazioa eskatzea; eta Elorrioko preso guztiei dagokienez, eurekin darabilten jokabidea "giza duintasun eta giza eskubiden kontrakotzat jotzea" eskatu dute. Hiru puntu nabarmendu dituzte: presoak hurreratzea, dagozkien zigor-onurak ezartzea eta Parot doktrina ez aplikatzea.
EAJk Herrirari mozioan "indarkeriaren gainean" ezer ez ipintzea kritikatu dio. Joseba Mujika alkateorde eta bozeroaleak azaldu duenez, "biktimen aitortza eta erreparazioa izan da banandu gaituen puntua". EAJk, bere mozioan, memoria krikitkoa eraikitzearen beharra nabarmendu du, "eskubide guztiak babestuta, biktima guztiei elkartasuna eta aitortza emanaz".
Herrirako kideek azaldu dute eurek presoen esparrua hartu dutela helburu, baina "geroago eta pauso gehiago emango direla hemendik aurrera: "biktimen inguruan berba egiteko premia badago, sortu ditzagun lekuak". Elorrioko Herriran ideologia eta iritzi askotako jendea dagoela eta konpromisoa modu pertsonalean hartu dutela nabarmendu dute: "Askatasun osoz Herrirara hurbildu garenok beste bideetan ere lan egiteko askatasun osoa dugu, bakoitzaren ideiak errespetatuz. Alde batera bultza egiteak ez du oztopatzen beste bide batzutan parte hartzerik".
Bozkaketa
Herrirako testua Bilduk babestu du, PPk kontra bozkatu du eta EAJ abstenitu egin da. EAJren mozioa, berriz, EAJko sei zinegotzi eta alkatearen kalitatezko botoagaz onartu da. Bildu abstenitu egin da eta PPk kontra bozkatu du.
Eztabaida
Mahaigainean testu bi, eta pleno aretoan sekula baino iritzi gehiago. Ordezkatuta dauden alderdi politikoez gainera, herritarrek eta PSE-EEko zinegotzi ohi Mari Carmen Muñozek parte hartu dute udalbatzan euren iritzia emateko. Ima Berriozabalen egoeratik abiatuta politika orokorrari buruz eztabaidatu dute.
Bilduko zinegotziek Herrira plataformari eskerrak eman dizkiote. "Kide bakoitzak bere ideia eta izaera edukita egiten dabiltzan ahalegina" nabarmendu du Idoia Buruaga zinegotziak: "Bide onean gaudela uste dut eta seguru nago fruituak jasoko ditugula".
Alderdi Popularreko Carlos Garciak Herriraren atzean ezker abertzalea dagoela esan du: "hor daude gestorak, etab... eta horien lanak ETAko presoek ETAren orbitan jarraitzeko balio izan du". Familiak senitarteko presoentzako onena gura izatea ulertzen duela adierazi du, "eta horreagatik txarto egin dutela onartu behar dute, eta presoak hori onartzera konbentzitu". Imaren Berriozabalen kasuari dagokionez, esan du bere egoera ez duela ezagutzen, baina espetxeko arduradunekin berba egin duela, eta "diote edonork eduki dezakeen arreta daukala, kartzelan gertuago edo etxean baino hobeto zainduta dagoela han, proportzioan mediku gehiago izaten baitituzte kartzeletan". Garciak biktimei buruz berba egin du eta adierazi duenez, "giza eskubideez berba egiterakoan lehenengo eskubidea ez da ahaztu behar, eta hori bizitzeko eskubidea da".
Herrira plataformako kideek zinegotzirik lortu ez duten Aralar eta PSE-EEgaz batzartu direla azaldu dute. Aralarrek mozioa babestu du, PSE-EEk ez. Mari Carmen Muñoz zinegotzi sozialista ohiak hitza hartu du udalbatzan, eta esan du bere ustetan mozioa "beste hainbat mozioren antzekoa" dela, "tonu abegikorragoan". Kritikatu duenez, "presoen askatasun faltaren kausari ez zaio erreferentziarik egin". Muñozen berbetan, "eragindako mina ezin da ahaztu".
Udalbatzaren publikotik, ezker abertzaleko kide batek hitza hartu eta adierazi du "Imari buruz eta Herrirari buruz berba egiteko" momentua izan dela udalbatza, baina, hemendik aurrera "sufrimendu guztiei buruz" berba egin beharko dela: "Beste egun baten biktimen inguruan berba egiteko arazorik ez dugu izango. Nahi dozuenean, eskua luzatuta daukagu".
Onartutako testua
EAJren testua onartuta, udalak Ima Berriozabalen kasuan legea betearaztea eskatuko du. Bere osasun egoeraren jarraipena egiteko konpromisoa hartu du udalak, eta berekin hartuemana eduki, eta behar bada bisita egitekoa ere bai.
Elorrioko presoen kasuan, etxetik gertuen dauden kartzeletara mugitzeko eskaera egin du. Dagozkien kartzelako onurak edukitzea eta Parot Doktrina ez aplikatzea eskatu du udalak, EAJko mozioa onartua. Presoen baldintzak duintasunaren eta giza eskubideen kontrakoak direla esaten du testuak. Mozioaren berri emango diote Arartekoari, Barne Sailari, Bizkaiko Foru Aldundiari, Eudeli, Gotzaintzari, Amnistia Internacionali eta Eusko Legebiltzarrari.