Inma Berriozabal preso elorriarrak hainbat gaixotasun kroniko dauzka. Bere senitartekoek eta medikuek azaldu dutenez tratamentu eta kontrol zehatzak behar ditu: "Mediku espezialista talde bat beharko luke bere egoera zaintzeko. Hori ez da erraza izaten kalean; kartzelan, ezinezkoa da".
Hipertentsioa, diabetesa, artopatia psoriasikoa, birikietako obstrukzio kronikoa... Hainbat osasun arazo kroniko dauzka Inma Berriozabal preso elorriarrak. Lau urte daramatza kartzelan 18/98 sumarioagatik, eta azken urte bi hauetan Pontevedran dago. Elorrioko Herrira mugimenduak hitzaldia antolatu du bere osasunaren berri emateko. Arriola aretoan izan dira Mari Jose Gongeta medikua, Kepa Manzisidor abokatua eta Karmele Berriozabal, Inmaren ahizpa eta erizaina.
Mari Jose Gongeta mediku elorriarrak Inmaren gaixotasunen azalpena egin du. Orain momentuan arazo handiena bronkioetan eta artikulazioetan daukala adierazi du. Atropatia psoriasikoa dauka eta broteak izaten dituenean artikulazioak handitu egiten zaizkio. Hezetasunak, hotzak eta egoera psikologikoak eragina daukate brote horietan. Bizkarrezurrean ere arazoak ditu, deskaltzifikazio handia daukalako. Min eta inflamazio horiei aurre egiteko tratamentuek beste gaixotasunetan eragiten diote: inflamazioaren kontrako kortikoideek, esaterako, diabetesean eragiten dute azukrea igotzen dutelako. Atropatia psoriasikoaren tratamenduak, gainera, defentsak bajatzen ditu.
Gongetaren berbetan, "Inmak badaki bera dela bere medikurik onena, eta asko zaintzen da". Dituen gaixotasunengatik, analisi jarraituak eta espezialisten kontrol zehatzak behar dituela nabarmendu du: "Disziplina arteko medikuen talde bat beharko luke botikak ajustatu eta osasuna kontrolatzeko. Hori kanpoan ez da erraza izaten; barruan ezinezkoa da".
"Burua bere lekuan dauka"
Osasun zainketetan jarraipen zehatzagoa behar duela nabarmendu du baita Inmaren ahizpa Karmele Berriozabalek. Familia kezkatuta dagoela kontatu du: "Beti dauka osasun arazoren bat, batzutan botikak falta izan zaizkio, berandu heltzen dira..." Arazo larrienak bronkioetakoak direla azaldu du, eta azken hiruzpalau hiletan hezurretako minak handitu zaizkiola. "Medikuek diote zaintzeko gai direla, baina arazoak izan dituzte". Inma bitartean, arduratuta baina indartsu ikusten du Karmelek: "Burua bere lekuan dauka. Kezkatuta egoten da kanpokook zelan gauden jakiteko, eta beti pozik eta irribarretsu dago gure aurrean".
Lehenago Avilan egon zen preso, eta Galiziara joateko orain bidaian egun bi egiten dituztela azaldu du Karmelek. Ezkor agertu da politikarien jardunarekin: "berba asko egiten dute baina gauzak egin barik uzten dabiltza, bigarren plano baten". Kartzelatik etxerako buelta triste egiten dutela kontatu du: "Dispertsioak, presoa zigortuko du, bai, baina familia guztia gaude kartzelan".
Kaleratzeko eskaera
Kepa Manzisidor abokatuak azaldu du Inma baldintzapean askatzeko eskakizuna egin dela, baina epaileek ez dutela onartu. Eskakizun hori egiteko medikuen diagnostiko zehatza behar izaten dala esan du: "kartzelako medikuak esan du kartzelan dagozkion tratamenduak jasotzen dituela eta zigorra osotasunean bete ahalko duela". Espainiako jurisprudentzian hainbat interpretazio egon direla kontatu du, eta konstituzio epaitegiak dioela kartzelak okertu eta bizitza laburtu ahal duen gaixotasun bakar nahikoa izango litzatekeela kaleratzeko. Manzisidorren berbetan, "Inmaren kasuan kartzelako egoerak osasuna kaltetu eta bizitza arriskuan jarri ahal diola uste dugu guk".
Errekurtsoa ipini eta aurrerantzago beste kaleratze eskaeraren bat egiteko aukerak azaldu ditu Manzisidor abokatuak.
Mozioa
Elorrioko Herrira plataformak Inmaren kaleratzea eskatzeko mozio bat aurkeztu du udaletxean, eta ziurrenik uztailean eztabaidatuko da osoko bilkuran. Uztailean eta abuztuan ekintzetan atsedenaldi bat edukiko dutela baina irailetik aurrera ekintza gehiago egingo dituztela jakin eragin dute.