"Jarraipen estua eta kontrolak behar ditu bere gaixotasunak okertu ez daitezen"

Anboto 2012ko uzt. 6a, 09:30

Karmele Berriozabalek ondo ezagutzen ditu Inma ahizparen gaixotasun kronikoak: hipertentsioa, diabetesa, asma bronkiala, psoriasia, artopratia psoriasikoa... 60 urte dauzka Inma Berriozabalek eta 18/98 auziagatik dago kartzelan, Pontevedran (Galiza). Kartzelan egoteak gaixotasunen kontrola eta zaintza oztopatzen dituela dio Karmele Berriozabalek

Karmele Berriozabalek ondo ezagutzen ditu Inma ahizparen gaixotasun kronikoak: hipertentsioa, diabetesa, asma bronkiala, psoriasia, artopratia psoriasikoa... 60 urte dauzka Inma Berriozabalek eta 18/98 auziagatik dago kartzelan, Pontevedran (Galiza). Kartzelan egoteak gaixotasunen kontrola eta zaintza oztopatzen dituela dio Karmele Berriozabalek.  

 


Zelakoa da Inmaren osasun egoera?

Gaixotasun kroniko asko dauzka: hipertentsioa, diabetes melitus, asma bronkiala, birikietako obstrukzioaren gaixotasun kronikoa... Horretaz gainera, psoriasia dauka, eta artropatia psoriatikoa ere bai. Momentu honetan horren eragina jasaten ari da; artikulazioak handitu egiten zaizkio, eta edozein artikulazioetan eduki ahal ditu agerraldiak. Gabonetatik ekainera hiru agerraldi handi eduki ditu. Pasa den martitzenean egin nuen berba berarekin, eta makuluagaz dabil, eskumako belaunean agertu zaiolako azkena. Agerraldiekin hezurra apurtu egiten da apurka, eta lesioa uzten du betirako. Hori dela-eta, ezkerreko belaunean protesi bat dauka. Eskoliosia ere badauka bizkarrean.

 

Zainketa berezia behar duten gaixotasunak dira.

Ni momentu honetan gehien kezkatzen nauten arazoak bronkioetakoa eta atropatia dira. Agerraldi horiek kontrolatzeko gehienbat kortikoideak erabili behar dira, eta horrek eragin zuzena dauka diabetean, azukrea igotzen dutelako. Gainera metotrexato injekzioak hartzen ditu, eta hori hartuta hilero analisiak egin behar dira, defentsek behera egiten dutelako. Gaixotasun horiek jarraipen egokirik ez badaukate txarrera doaz. Analisiak eta espezialisten kontrol zehatza behar ditu Inmak.

 

Zelakoa da kartzelako medikuen zerbitzua?

Ez dizkiote behar beste kontrol egiten, eta asko behar ditu, gehienak espezialistenak. Iazko ekainean tentsioa oso altu eduki zuen eta tentsiorako medikazio barik egon zen. Batzuetan medikamentuak ez daude, berandu heltzen dira bestetan...

 

Kontrol falta horrez gainera, zelan eragiten dio kartzelan egoteak?

Antsietatea dauka, ziurtasun falta... Antsietatea ez dauka norekin konpartitu; telefonoz ez gara bost minutu ere egoten, eta nirekin berba egiten duenean osasun kontuak kontatzen dizkit, eta lasaitzen da. Horrez gainera, kartzelako hezetasuna beretzako mortala da.

 

Animoz zelan dago?

Sinestezina da zelan zaintzen duen bere burua. Diabetearen aparatua lortu nion eta berak egiten ditu kontrolak, pilo bat ibiltzen da, jana asko zaintzen du, sintoma txikienera erizaintzara doa... Medikuen atzetik ibiltzen da, bera da bere medikua da. Esfortzu handia egiten du kanpotik etortzen direnekin ondo egoteko, baina osasunaz oso kezkatuta egoten da.

 

Kaleratu dezaten eskatu duzue. Zein izan da erantzuna?

Kartzelako medikuak esan zuen eurek gai direla Inma zaintzeko; tresna guztiak dituztela pazientearen osasuna kontrolpean edukitzeko. Behar dituen kontrolei buruzko txostena aurkeztu genuen. Erizaina naiz, eta horrelako patologiak mikroskopioagaz begiratzen ditugu. Kalean, kontrolak, ospitalea eta espezialistak eskura dauzkate; han ez.

 

Zelan zaudete familiakoak?

Nik ez nuen pentsatzen hau pasatzen zenik. Ahizpa kartzelan, bai, baina ama, ahizpak, semeak, alabak... Denok gaude kartzelan. Oso batuta egon gara beti bost ahizpok eta ama. Dispertsioa familiarrentzat desgaste fisiko, psikologiko eta ekonomiko handia da. Pentsatzen dut Galizara asmo batekin eroan zutela. Hasieran, Avilan,  nahiko ondo zegoen, eta familiarentzat oso ondo, joan eta etorri egiteko. Galizara eroan zuten, eta handik gutxira dokumentu bat eman zioten barkamena eskatu eta bere pentsamenduen kontra zegoela sinatzeko. Inmak ez zuen sinatu; esaten zigun: “Zer sinatu behar dut? Zer egin dut? Horrela pentsatzea?”. Ezker abertzalean egon izan da eta beti egon da lan egiteko prest. Birritan eman diote dokumentua; berak esaten du ez daukala zertan ezerri uko egin.

 

Itxaropentsu zaude?

Ezkorra naiz. Nire ahizpa ezagutzen ez duen  jende asko hasi da bere alde mugitzen, eta nik ere eskatzen didaten guztia egingo dut. Baina Inmaren kontua konpondu? Beste plano batera pasatu dela uste dut. Orain ekonomia da arazoa, ETAk esan du honaino heldu dela baina... Politizatuta dago dena, eta interesak daude batetik eta bestetik. Arnaldo Otegi kartzelan badago, eta lider politiko bat da, nire ahizpa eta beste guztiak...

 

Herrietan Herrira plataformak sortu dira orain.

Santutxuko Herriran nago ni, eta Elorrion ere badabiltza. Santutxukoek txosten bat egin dute Arartekoari eta Bilboko alkateari bidaltzeko. Elorrion gustatzen zaidana da ideologia askotako jendea dagoela, behar den moduan. Jarri eta berba egiten dute, politikariek egiten ez dutena. Denok batera agian lortuko dugu zeozer. Hamalau gaixoren askatasuna eskatzen da, eta denetik dago; gaixotasun psikikoak, minbiziak... Inmak ez dauka horrelakorik, baina gaixo kronikoa da. Jarraipen estua eta kontrolak behar ditu bere gaixotasunak txarrera joan ez daitezen. Giza eskubideak dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!