Aisialdian herrigunera hurbiltzeko erabili dute gehien auzo-taxia

Anboto 2012ko mai. 7a, 08:49

Otsailean martxan jarri zen auzo-taxi zerbitzua eskaintzen duten hiru taxi-gidariek 166 bidai egin zituzten lehenengo bi hilabeteetan. Gaur egun, 95 pertsonek daukate auzo-taxi bezero txartela, udal arduradunek emandako datuen arabera; gehienak nagusiak dira

Otsailean martxan jarri zen auzo-taxi zerbitzua eskaintzen duten hiru taxi-gidariek 166 bidai egin zituzten lehenengo bi hilabeteetan. Gaur egun, 95 pertsonek daukate auzo-taxi bezero txartela, udal arduradunek emandako datuen arabera; gehienak nagusiak dira.

 

Elorrioko 17 auzo eta gunetan eskaintzen dute auzo-taxi zerbitzua: Urkizuaran, San Agustin, Mendraka, Zenita, Torrekobide, Errekazabaleta, Gaztañeta, Aldape, Berrio, Leiz-Miota, Lekeriketa, Iguria, Arrasate Etorbidea, Aidazu, Arauneta, Aramiño-Berriozabaleta eta Gazeta. Joan-etorri gehienak pertsona nagusiek egin izan ditzute, oro har, "euron aisialdian herrigunera hurbiltzeko, erosketak egiteko edota, barikuetan, merkatura hurbiltzeko". Otsailean 73 bidai egin zituzten hiru taxi-gidariek, eta martxoan 93 bidai.

 

Aisialdian herrigunera hurbiltzeko erabili dute gehien auzo-taxi zerbitzua, %39k; errekaduak egiteko erabilitu ditu %18ak eta merkatura joateko %14ak. Osasun etxera joateko erabili dute %11k. Horrezaz gainera, ileapaindegira, eskolara edo jubilatuen egoitzara joateko erabili da zerbitzua; elurra zegoelako ere bai.

 

Udal arduradunen ustean datu "oso positiboak" dira, zerbitzua martxan jarri eta lehenengo hilabete bitan jasotako datuak direla kontutan hartuta. Erabiltzaileen artean "orain arteko harrera ona izaten jarraitzea" espero du Ana Otaduik, Elorrioko alkateak.

 

Bakarka erabili dute auzo-taxi zerbitzua gehienek. Leiz-Miotakoak izan dira gehien erabili duten (%34); ondoren, Lekeriketa, Aramiño-Berriozabaleta, Gazeta eta San Agustin auzoetakoek.

 

Elorrioko Udalak 45.000 euroko aurrekontua lotu du 2012an zehar zerbitzua eskaini ahal izateko. Otsail eta martxoko 166 joan-etorri horiek 1.434 euroko inbertsioa eskatu dute, argitu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!