Eskaripeko Garraioa izenagaz hasiko da auzoak herriagaz lotzeko garraio zerbitzua, era esperimentaleko epea amaitu eta gero.
Azaroan erabaki zuen udalak garraio zerbitzu berria proba fasean ezartzea. “Herriko auzotar batzuen artean zerbitzua jasotzeko eskaera dagoela ikusi dugu. Beraz, zerbitzua bideragarria dela ikusi eta gero, behin betiko martxan jartzea erabaki dugu”, azaldu du Ana Otadui alkateak. Zerbitzu zabala den arren, batez ere, mugikortasun arazoak dituzten nagusiei eta ibilgailu propioa ez dutenei zuzenduta.
Euro biko kostua izango du bidaiak; udalak taxilariekin egindako hitzarmenaren bidez kubrituko da aldea. Interesdunek, udaletxean erabiltzaile txartel bat jaso beharko dute lehenik. Gero, garraioa hartu gura duten bakoitzean, 94 682 00 40 zenbakira deitu beharko dute. Astegunetan 07:30etik 20:00etara funtzionatuko du zerbitzuak, eta zapatuetan 09:00etatik 14:00etara.