Auzotik herrigunerako taxiak euro bi balioko du; taxilariekin hitzarmena sinatuko du udalak
Elorrioko Udalak auzoetako garraio zerbitzua jarriko du martxan datozen egunotan, auzoak herriguneagaz lotzeko helburuagaz, eta taxia erabiltzeko erraztasunak ekarriko dizkie bizilagunei. Eskaripeko garraioa izenagaz, zerbitzua era esperimentalean hasiko dela iragarri dute ordezkariek, herritarren harrera ezagutzeko eta behin betiko ezartzen duten ala ez erabakitzeko.
“Herrigunetik urrun bizi diren herritarrek, ibilgailu propiorik ez edukitzeagatik euren bizi-kalitatea murriztuta ez ikustea gura dugu”, adierazi du Ana Otadui Elorrioko alkateak.
Udalak, Iurretan orain dela urte bi inguru zabaldutako Taxi-auzunea zerbitzua hartu du eredutzat, zehaztu dutenez. Herriko taxilariekin hitzarmena sinatuko du, “eurak izango baitira herritarrei zerbitzua eskaintzeaz arduratuko direnak”. Hitzarmen horretan, prezioak eta funtzionamendu baldintzak adostuko dituzte, azaldu dutenez.
Erabiltzaile txartela
Zerbitzua erabili gura dutenek, udalak emandako erabiltzaile txartela jaso beharko dute lehenengo. Zerbitzua erabiltzeko momentuan, herriko taxi bati telefonoz deitu eta bidaia bakoitzeko euro bi ordaindu beharko dio erabiltzaileak taxilariari. Udalak erabiltzaileak ordaintzen dituen bi euroen eta zerbitzuaren prezio errealaren arteko diferentzia ordainduko dio taxilariari, ordezkarien berbetan.
Azaldu dutenez, zerbitzua behin betiko ezarriko balute, astegunetan 07:30etik 20:00etara funtzionatuko luke; zapatuetan, 09:00etatik 14:00ak arte. Domekatan ez litzateke martxan egongo; ezta abuztuan ere.