Durangoko Udalak enpresa bati esleitu dio merkatu plaza urtean zehar dinamizatzeko ardura. Enpresa esleipendunak 52 jarduera antolatuko ditu urtean, izan gastronomia tailer, dastaketa, erakustaldi edo erosketa esperientzia, eta azpimarra berezia egin beharko diote gertuko eta sasoiko produktuak ikusgarri egiteari, baita elikadura osasungarriari ere. Udalak iragarri duenez, jarduerok doakoak izango dira, eta elebitan eskainiko dituzte, ahal dela, eguen edo bariku arratsaldeetan.
Enpresa esleipendunak bere gain hartuko ditu programa kudeatzeko beharrezko giza baliabideak eta materialak, eta udalarekin elkarlanean definituko du programa. Kontratuak urtebeteko iraupena izango du, eta 66.115 euroko aurrekontua. HAZI Fundazioak kofinantzatuko du programa.