Fair Saturday egitasmo benefikoak Durangon lur hartuko du zapatuan

E.H.

Luhartz taldea izango da jaialdi benefikoan parte hartuko duenetako bat.

Luhartzek Geu Beren aldeko erromeria eskainiko du Plateruenean, eta Jon Anton pianista Minbiziaren Aurkako Elkartearen alde ariko da Arte eta Historia Museoan. Vega Asensio biologo eta ilustratzaileak berriz, berbaldia eskainiko du Elkartegian. 

Zapatu honetan, azaroak 28, Durangok Fair Saturday egitasmoan parte hartuko du lehenengo aldiz. Bilboko mugimendua da Fair Saturday, Black Friday egunaren aldean kultura gizartea eraldatzeko tresna modura ulertzen duena eta elkartasunezko hainbat ekintza antolatzen duena. Hori horrela, hiru jardunaldi  benefiko egongo dira zapatu honetan. 12:00etan, Jon Anton pianistak kontzertua eskainiko du Arte eta Historia Museoan Minbiziaren Aurkako Elkartearen alde. Arratsaldean, 18:30ean, Vega Asensio biologo eta ilustratzaileak berbaldia eskainiko du Elkartegian. Arte científico en femenino: Mujeres ilustradoras en la historia de la ciencia  da berbaldiaren izenburua. Egitasmo hori Hontza Museoak antolatu du Zabaltzen Sartu elkartearen alde. Azkenik, 21:00etan, Luhartz taldeak Geu Beren aldeko kontzertua eskainiko du Plateruenean.

Itsulapikoak

Jardunaldiak debalde dira, baina itsulapiko bana ipiniko dute bakoitzean, herritarrek borondatezko ekarpenak eman ditzaten eragileen eta kausen alde. Programazioa Fair Saturday Fundazioak eta Durangoko Udaleko Astarloa Kulturgintzak finantzatu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!