Fair Saturday ekimenaren barruan, Vega Asensio ilustratzaile zientifikoak hitzaldia eskainiko du datorren zapatuan (azaroak 28), 18:30ean, Durangoko Landako Elkartegian. Hontza museoak antolatutako ekimena da.
Ibilbide historiko eta dibulgatzaile baten bidez, ilustrazio zientifikoaren historia ezagutzeko aukera izango du bertaratzen denak. Hitzaldian arreta berezia eskainiko zaie garai eta diziplina desberdinetan ekarpen garrantzitsuak egin zituzten emakume ilustratzaileei. Emakume horietako askok, ordea, ez zuten merezi zuten aitortza jaso. Maria Sibylla Merian, Anna Atkins, Elizabeth Blackwell eta Mary Anning izango dira, besteak beste, ibilbide honetako protagonistak. Haien lanak, ekarpenak eta zientziaren historian utzitako arrastoa ezagutzeko aukera izango da.
"Ekimen honen bidez, zientziaren historian emakumeek egindako lana, talentua eta sormena balioan jarri nahi dira, baita haien izenak berreskuratzearen eta haien ondareari ikusgarritasuna ematearen garrantziaz hausnartu ere. Izan ere, ekarpen horiek gure historia kultural eta zientifikoaren parte dira", azaldu dute oharrean.
Hitzaldia gazteleraz izango da, doakoa da eta ez da aurretik izena eman edo erreserbarik egin beharko. Interesa duten pertsona guztiak zuzenean bertaratu daitezke.
Jarduera Fair Saturday ekimenaren programazioaren barruan kokatzen da. Ekimen horrek kultura eta artea sustatzen ditu, gizartea eraldatzeko tresna gisa.